Metalgintzako langileak kalera ateratzeko unea “orain” dela dio LABek

Bizkaiko metalgintza sektorean, 2003. urtean onartutako hitzarmena dago indarrean. Bizkaiko ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuak metaleko industriarako hitzarmen berri bat negoziatzen ari dira patronalarekin. Adostasunera iristea lortu ez dutenez, LABek mahai negoziatzailetik irtetea erabaki zuen.

Negoziaketa mahai horren ibilbidea “luzea eta korapilotsua” izaten ari dela azaldu zuten atzo Lea Artibai eta Busturialdeko LAB sindikatuko delegatuek Gernika-Lumon. Patronalaren eta sindikatuen arteko batzarrak burutzen ari direla adierazi zuten bertan, eta Bizkaiko metalgintzako langileak kalera ateratzeko unea “orain” dela esan zuten: “Mahai negoziatzaileak abiadura hartu du, eta orain da kalera ateratzeko momentua, metaleko enpresetan gaia astintzeko momentua, jendea informatzekoa eta langileei protagonismoa emateko unea”.

LABeko delegatu batzuk

LABeko delegatu batzuk Gernika-Lumon

Bizkaiko hitzarmenetan garrantzitsuena da metalarena, 50.000 langileri eragiten dielako, eta LABeko delegatuek esan modura, Bizkaiko hitzarmena “oso egoera larrian” dago. Patronalak 2013. urtean metalaren mahai negoziatzailea uztea erabaki zuen, “Madriletik lan erreforma bat aurreikusi zutelako, eta estatuko hitzarmena sinatu beharko zutela uste zutelako”. Metalaren sektoreari buruzko hitzarmena “estatalizatu” egin gura zutela azaldu zuten atzo LAB sindikatuko kideek, baina, ez zela hori gertatu adierazi zuten: “Sindikatuen borrokari esker, hitzarmen probintzialak mantentzea lortu genuen”.

Aurten, bost urteko geldialdia eta gero, berriz zabaldu da sindikatuen eta patronalaren arteko mahai negoziatzailea. Otsailean lehenengo batzarra egin zuten sindikatuek patronalagaz, baina oraindik ez dira hitzarmena eguneratzera heldu. ELAk sei ordezkari ditu mahaian, CCOOk, berriz, lau. Hiru ditu LABek eta bi UGTk. Hala, ordezkarien araberako erantzukizuna dutela sindikatuek esan dute LABeko delegatuek.

Erantzukizunak erantzukizun, aurten burututako hamabi bileretan ez dute metalaren sektoreari buruzko hitzarmena berritzea lortu; “ez baitira adostasunera iritsi”. Halaber, patronalak ez daukala hitzarmena berritzeko “inongo gogorik” adierazi dute LABeko kideek.

Hitzarmenagaz Bizkaiko metalaren sektorean emakumeek duten presentzia indartu gura du LABek

Horren aurrean, sindikatuei “elkartzeko” dei egin diete LABeko delegatuek. “Denon artean hitzarmena aurrera ateratzeko zer gertatzen ari den kontatu behar dugu. Kaleetan, enpresetan eta langileen artean gaia astindu behar dugu eta benetako hitzarmenaren alde egin. Mahai negoziatzaileak ez du ezertarako balio, eta patronalari presioa sartzea beharrezkoa da”.

Eskariak. Indarrean dagoen hitzarmena “zaharra” dela, eta hura “berritzea” ezinbestekoa dela diote LABeko delegatuek. “Hitzarmen berritzailearen alde egin behar dugu, ezinbestean”.

Metalaren industrian langileek dituzten aldi baterako kontratuekin zer gertatzen den azaldu gura dute sindikatuko kideek, baita erreforma eta enpresa itxieren ondorioz kalean geratu diren 8.000 langileekin ere. “Beharrezkoa da metaleko industriako langileek bizi duten egoera zein den azaltzea eta argitzea”.

Gainera, sektorean emakumeek duten presentzia indartu gura du LABek: “Sektoreko %18 dira emakumeak. Egoera hori gaurkotu behar da, eta berdintasunaren aldeko estrategia planak bultzatu behar dira. Gazteen eta emakumeen berdintasunaren aldeko neurriak ezarri behar ditugu, soldata arrakalak desagertzeko”.

Sindikatuko delegatuak Gernika-Lumoko industria gunean

Sindikatuko delegatuak Gernika-Lumoko industria gunean

Soldaten igoera ere bultzatu gura du sindikatuak. Hitzarmenaren arabera, peoi espezialista batek 1.000 euro irabazten dituela jakinarazi zuten atzo, eta soldata horregaz “inor ezin dela bizi” esanez arrazoitu zuten KPIaz gaindiko soldata igoeraren eskaria.

Aurrera begira. “Sindikatutik patronalari eskatzen dizkiogun hobekuntza guztiak hitzarmenaren aldekoak dira, eta patronalarentzako ere egokiak direla uste dugu”, esan zuten sindikatukoek. Gainera, hitzarmena “homogenizatzea” beharrezkoa dela adierazi zuten.

Sindikatua ez dela geldirik geratuko jakinarazi zuten, eta sindikatu guztiei mahaitik ateratzeko eskatu zien atzoko agerraldian: “Sindikatuei gu egiten ari garena egiteko eskatzen diegu. Hitzarmena aurrera ateratzea gura badugu, lerro berdinean jarri beharko garelako denok”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend