Eragileen eskutik urteak betetzen
Eragileak direlako HITZAren altxor preziatu, horiekin nahi du urteetan bizitzen jarraitu.Hamabost: zortzi hizkitan hamaika bizipen. 2003ko azaroaren 11 zen, eta bidea hasi baino ez zuen egin. Hamabost urte beranduago, ezin lehenengo egun hartaz ahaztu;...
Eragileak direlako HITZAren altxor preziatu, horiekin nahi du urteetan bizitzen jarraitu.
Hamabost: zortzi hizkitan hamaika bizipen. 2003ko azaroaren 11 zen, eta bidea hasi baino ez zuen egin. Hamabost urte beranduago, ezin lehenengo egun hartaz ahaztu; ezin egindako bidea ukatu; derrigorrez jasotako laguntza behar da aitortu.Pertsona bakarrak landatu dezake zuhaitz bat, baina zailagoa egingo zaio sortzea arbolaz betetako baso bat. Helburua bada hori, lortuko du bateko edo besteko modua, eskuratuko du bidelagunez osatutako mundua.
HITZAk bazuen helburu bat; bazeukan proiektu bat, eta lortu zituen bidelagunak: askotariko eragileak. Herri mugimenduekin batera jarri zuen hazia, eta elkarlanean egin zuten kimu batetik zuhaitza hazi eta hezi. Hiru ziren hasieran gizarte eragileak; 64 dira orain. Momentu zail eta latzetan, haien babesak lagundu dio oztopoetan estropezu egin eta aurrera egiten.
HITZA da eragileek antolatutako ekintzen bozgorailu, eta elkarte, talde zein erakundeak egunerokoaren iturri. Eragileek egiten dute herria bizi, eta HITZA ahalegintzen da berba txikiekin informazioa handi egiten.
HITZAk esna nahi du amesten jarraitu; gauez amestutakoak egunez errealitate bihurtu. Bitartean, eskertuko ditu orain arte aldamenean izandakoak, egun direnak eta etorriko direnak; haiek barik ezinezkoa lukeelako bizirik mantendu.