Denon laguntzagaz, aurrera

Autofinantziazioagaz, administrazioen diru laguntzekin eta herritarren laguntza eta ekarpenari esker biziraun du HITZAk azken hamabost urteetan

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZAk sortu zenetik, herriz herriko informazioa egunez egun euskaraz herritarrengana helaraztea izan du egiteko nagusia. Zeregin horretan ahalik-eta autofinantziazio maila altuena lortzen ahalegindu da egitasmoa, menpekotasunetik aldegin nahirik. Horrela, administrazioetatik jasotako laguntzez gain, publizitatea, 11barri eta harpidedun eta eragile laguntzaileen ekarpenak izan dira diru iturri nagusiak.

Proiektua hazi eta autofinantziazioa lortzeko bidean aktiboa izaten ere ahalegindu da HITZA hamabost urteotan. Eskolarteko Literatura Topaketa, Hitzarte Lea-Artibai eta Mutrikuko zazpi artegileren dohaintzei esker egindako arte erakusketa eta salmenta ekimena, Hitza Eguna edota bertoko idazle eta marrazkigileekin Ametsetarako Hitzak haurrentzako literatura lana gauzatu ditu beste batzuren artean.

Egitasmoa ezagutzera eman eta diru sarrera garrantzitsu bat izan da bai eta ere, HITZAren produktuen salmenta: kamiseta, jertse, motxila, aterki eta beste asko. Eta borondate oneko herritar askoren eskuzabaltasuna ere akuilu izan da, bidean aurrera egiteko zailtasunekin aurkitu denean. Hala nola, bertso saio, musika emanaldi, kontzertu, santa eske edota antzezlanak bezalako ekarpenekin sostengatu dute egunkaria Lea-Artibai eta Mutrikuko norbanako, talde eta elkarteek.

Herri ekimeneko euskal hedabideek urte asko daramatzate euskararen normalizazioari, euskal komunikazio sistemari eta, oro har, Euskal Herriari ekarpena egiten. Betetzen duten funtzio soziala garrantzitsua da. Eta autofinantziazioa oinarrizko helburu bada ere, euskal komunikabideek ezinbestekoa dute administrazio desberdinen babesa aurrera egiteko.

Administrazioen Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, udalak eta HITZAren arteko hartu-emana aldakorra izan da urte hauetan guztietan, eta erakunde publikoen hasierako diru laguntza eskasiak erabakiak hartzera ere derrigortu zuen egunkaria, 6 egunetik 4 egunera argitaratzeraino. 2010ean, gainera, Busturialdeagaz elkartu, eta Bizkai mailako HITZA biek bat egin behar izan zuten.

Epe luzera begira

Gaur egun proiektuak laguntza gehiago baditu ere, erakundeek ez dute bermatzen oraindik orain, euskararen normalizazioan eta sustapenean diharduten komunikabideen biziraupena. Gainera, laguntza kopuruaren ziurtasun ezak aurrera begirako ezinegona eragiten du. Hori dela eta, urteroko diru laguntzetatik epe luzerako hitzarmenera jauzi egin nahi dute euskal komunikabideek, urratsek epe luzerakoak beharko dutelako, egunetik egunerakoak baino.

Gaur egun, HITZAren autofinantziazioa %66koa da, diru laguntzek, berriz, egitasmoaren aurrekontuaren %34 osatzen dute. Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiagaz gainera, Lea-Artibai eta Mutrikuko hamabi udalerri dira HITZA diruz laguntzen dutenak: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Mutriku, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar. Laguntzen ez duena Mendexako Udala da.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend