Lurgorri auzoan egingo dute etzi, Gernikako Milla

500 korrikalari inguruk egotea espero dute antolatzaileek. Lau kategoriatan banatu dituzte parte hartzaileak. Mestikabaso kaleko zirkuitua teknikoki «ona» dela diote

1984. urtetik hutsik egin barik ospatu dute Gernikako Milla. Aurten, baina, lekualdaketagaz dator. Herrigunetik Lurgorri auzoko Mestikabaso kalera pasatu dute lasterketa.

16:00etan hasiko da etzi, eta udalerriko bost ikastetxeetatik, gutxi gorabehera 450 ikaslek izena eman dute. Alabaina, kategoria nagusietakoek zapatuan bertan eman behar dute izena.

Arin Arin taldea ari da azken urteotan proba antolatzen, eta bertako arduradunen berbetan, estreinatuko duten Mestikabasoko zirkuituan 500 bat korrikalarik parte hartzea espero dute. Halaber, 1.500 ikusle inguru batuko direla aurreikusi dute. «Ikastetxeetako neska-mutilenak gutxi gorabehera 25-30 lasterketa izango dira. Kategoria nagusietakoenak izango dira arratsaldeko azken lasterketak». Zirkuitua teknikoki oso ona dela azaldu dute, «lautada polita da».

Lau mailatan banatu dituzte partaideak: «Printzipioz ume eta kadete mailetakoek elkarrekin egingo dute arineketan, beste txanda batean egongo dira gazteak eta juniorrak, eta azkenengoan senior edo absolutuak eta beteranoak. Azken horiek gutxi badira, agian gazte eta juniorrekin aterako dira. Espero dugu Bizkaiko korrikalariak ere hurbiltzea».

Milla herrikoia indartu gura dutela adierazi dute antolatzaileek. Bizkaia mailako lasterketa garrantzitsua izatea da euren asmoa. Beti ere esentzia galdu barik, proba sendotzea eta indartzea. «Apurka indarra hartzea gura dugu, eta urteekin lortuko dugu. Baina, gazteen eta eskolarteko milla herrikoia izateak dakarren esentzia galdu barik. Garai batean iraupen-erdiko Bizkaiko eta Euskadiko atleta onenak etortzen ziren».

Sariak

Parte hartzaile guztiei domina bana emango diete. Horrez gain, kategoria nagusieneteko lehenengo neskentzat eta mutilentzat kopak egongo dira. Beterano eta senior kategorietako irabazleek sari bereziak izango dituzte. Beterano mailako azkarrenek bi lagunentzako afaria jasoko dute Zallo Barri jatetxean. Seniorretakoek, berriz, Ai Ene tabernan bi lagunentzako afaria.

Antolakuntzatik jakitera eman dutenez, 15:30ean itxiko dute Mestikabaso kalea, eta 19:00-19:30 aldera zabaldu ahal izatea aurreikusi dute. Auzotarren zein auzoko ostalarien partetik izandako laguntza azpimarratu dute antolatzaileek.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend