Antzezpenerako grina
Abarka antzerki taldeak 16 urtetik gorakoentzako doako antzerki ikastaroak antolatu ditu. Domekan eta abenduaren 16an emango dituzte eskolak. 'Zazpi senideak' antzerkia egingo dute frontoianAntzerki munduan lehen hastapenak eman edo gehiago sakontzeko,...
Abarka antzerki taldeak 16 urtetik gorakoentzako doako antzerki ikastaroak antolatu ditu. Domekan eta abenduaren 16an emango dituzte eskolak. ‘Zazpi senideak’ antzerkia egingo dute frontoian
Antzerki munduan lehen hastapenak eman edo gehiago sakontzeko, doako antzerki ikastaroak antolatu ditu Abarka antzerki taldeak 16 urtetik gorakoentzat. Goi mailako irakasleek gidatuko dituzte, gainera, eskolak: Manex Funchs eta Amancay Gaztañaga aktore eta zuzendariek.Punta-puntako artista horiekin lan egiteko aukera asko ez dela egoten azpimarratu dute Abarka antzerki taldekoek. «Aukera paregabea da». Bost orduko ikastaro bi izango dira. Lehenengoa domeka honetan emango du Manex Fuchs Le Petit Theatre de Pain antzerki taldearen sortzaileak. Bigarrena, abenduaren 16an, Amancay Gaztañaga Sorgintxuloko aurpegi ezagun, aktore, zuzendari eta musikariak.
Goiz eta arratsaldez izango dira ikastaroak, eta parte hartu nahi dutenentzat izena emateko aukera zabalik dago 630 46 02 15 telefono zenbakira deituta. «Irakasleek euren tenperatura, energia eta antzerkia ikusteko daukaten modua trasmitituko diete ikasleei», azaldu du Ander Lipus aktore eta zuzendari markina-xemeindarrak.
Ikastaro baten ondoren sortu zen Abarka antzerki taldea bera ere, eta ordutik, urtero, ikastaro bat egitea izan dute asmoa, «aktoreek Ander Lipus ez den beste zuzendari batzuekin ere lan egin eta antzerki zaletasuna eta herri antzerkia sustatu asmoz». Horrela, Marga Atolagirre, Eneritz Artetxe, Asier Sota eta Gustabo Gorosito bezalako izen handiko aktore eta zuzendariak izan dituzte gidari, besteak beste.
Fuchs eta Gaztañagagaz lan egitea ere luxu bat izango dela azpimarratu dute taldeko kideek. «Biak oso goxoak dira, eta egiten duten guztia primerakoa da; horrelako artista batzuekin lan egitea plazer bat izango da».
Ikastaroak antzerki taldea zabaltzeko bide bat ere badirela aitortu dute Abarkakoek, jendea taldera batzeko bide bat. «Bestela, Abarka oso gauza itxia bilakatuko litzateke. Ikastaroak taldea zabaldu eta beste batzuei egitasmora batzeko aukera ere ematen die modu errazago batean».
Antzerkia frontoian
Irakasle eta aktore ere izango da Funchs asteburuan, Markina-Xemeinen. Etzi, 19:00etan, Axut! konpainiaren Zazpi senideko antzezlana eskainiko du Uni frontoian, Ximun Fuchs anaiagaz batera.
Ander Lipusek zuzendutako obraren ardatza anaitasuna izango dela azaldu du zuzendariak. Ximun Fuchs eta Manex Fuchs anaiak, neba-arrebak edota ahizpak izango dira, eta zazpi istorio taularatuko dituzte.