Akuakulturako ikasleek Mikel Deuna egoitzako akuarioa aurkeztu dute
Mutrikuko Kardala akuakultura eskolako zortzi ikaslek garatu dute proiektua. Egoitzako arduradunek ikasleei eskerrak eman dizkiete. Akuarioa martxora arte egongo da egoitzanMutrikuko Kardala akuakultura eskolako ikasleek urria erdialdean Mutrikuko Mike...
Mutrikuko Kardala akuakultura eskolako zortzi ikaslek garatu dute proiektua. Egoitzako arduradunek ikasleei eskerrak eman dizkiete. Akuarioa martxora arte egongo da egoitzan
Mutrikuko Kardala akuakultura eskolako ikasleek urria erdialdean Mutrikuko Mikel Deuna zaharren egoitzan ipinitako akuarioa aurkeztu zuten atzo. Proiektuak harrera «ezin hobea» eduki duela azpimarratu dute egoitzako ordezkariek. Ikasleek esan dute akuarioa martxora arte egongo dela egoitzan.Zehatz esateko, akuakulturako bigarren zikloko zortzi ikasle dira irakasle baten ideiatik sortutako proiektua gauzatu dutenak. «Irakasleak egindako proposamena ideia ona iruditu zitzaigun, eta Mikel Deuna egoitzak horretarako leku aproposa zeukala iritzitza, aurrera egin genuen. Egoitzak daukan espaziora oso ondo egokitzen da».
Ikusgarria izateaz gain, akuarioa entretenigarria ere badela diote. «Horrez gain, akuarioak guk eskolan lantzen dugun dena biltzen du».
Akuarioa eskolako materialekin egin dutela esan dute, eta horretan Mutrikuko portuan arrantzatutako arrainak, krustazeoak eta moluskoak sartu dituzte.
Mantenu erraza daukala ere gaineratu dute. Hori ikasleek egingo dute, tarteka egoitzara bisitak eginez. Dena dela, egoitzako egoiliar batek bere gain hartu du arrainak elikatzeko ardura.
Orain akuarioan dauden espezieak gero itsasoan askatuko dituztela diote. «Proiektu honekin nahi duguna da baita ere jendeak espezie hauek gehiago ezagutzea».
Ausolanek finantzatuta
Zailena egoitzan egindako muntaketa izan dela diote. «Ura eta arrainak bidoietan ekarri genituen, eta hori izan da zailena».
Proiektua Ausolanek finantzatuta dagoela azpimarratu dute. «Esker bereziak eman nahi dizkiegu Ausolani, Aintzane Uriguen Mikel Deuna egoitzako zuzendariari eta egoitzako kide guztiei. Eta nola ez, Kardala eskolari ere bai. Horiek guztiek egin dute posible proiektu hau».
«Proiektu polita da»
Uriguenek akuarioak ikusmin handia sortu duela esan du. «Egoiliarren eta hona sartzen diren guztien arreta bereganatzen du». Bide beretik, ikasleei ere eskerrak eman dizkie. «Oso proiektu polita da, eta joko handia eman du. Nire eta egoitza osoaren izenean eskerrik asko proiektu hau egiterakoan gurekin gogoratzearren».
Ikasleek praktikaldia hasiko dutelako kenduko dute akuarioa martxoan. Dena dela, aurten estreinako egin den proiektua ondo joan denez, eskolak hurrengo urteetan ere proiektu bera gauzatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du. «Hurrengo urteetan ikastetxeetan ere ipini ahal dugu».