Halloween Metal Festek Heavy Metala dakar Bermeora beste urte batez

Dagoeneko Halloween eguna igaro bada ere, Bermeon azken urteetan ohitura handia hartu duen Halloween Metal Fest musika jaialdiak ez du hutsik egingo aurten ere.

Kafe antzokiak hartuko duen jaialdia ospatuko duten hamaikagarren aldia izango da. Bermeoko Spookypheria Productions kultur elkarteak antolatutako ekimena da, udalaren laguntzagaz batera.

Halloween Metal fest

Argazkia: Txaber Miravalles (Conserje del Universo Fotografia)

Zapatuan, azaroaren 10ean, 21:00etan emango diote hasiera kontzertuei. Bertan, heavy metal doinuekin burua astinduz ibiltzeko aukera egongo da jaialdian parte hartuko duten lau taldeekin batera: Etorkizun Beltza, Morphium, Vhaldemar eta Rise to Fall taldeekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.

Kontzertuak. Modu horretara, jaialdia Etorkizun Beltza talde gernikarraren kontzertuarekin hasiko dute. Kontzertuaz gain, Iñigo Acha bermeotarrak talde gernikarrarekin batera zuzendutako ‘Sasijainkoen Elikagai’ bere bideoklip berria aurkeztuko du.

Ondoren, Morphium taldearen txanda helduko da. Jaialdiaren antolatzaileek jakitera eman dutenez, Geronako metal taldeak Bermeon bukatuko du ‘The Blackout’ bira arrakastatsua. Bira horren barne, besteak beste, Letonian eta Estonian eskaini dituzte kontzertuak. Bestalde, Barakaldoko Vhäldemar taldea Halloween Metal Festera ‘Against All Kings Tour’ biraren barne etorriko da. Bira horretan Japonian eta Holandan eskaini dituzte kontzertuak eta, era berean, Dimetal Fest eta Leyendas del Rock jaialdi ospetsuetan egon direla azaldu dute arduradunek.

Bukatzeko, Rise to Fall talde bilbotarraren doinuek agurtuko dute urte honetako Halloween Metal Fest. Resurrection Fest bezalako jaialdi ospetsuetan egon ondoren, Bermeon ‘Into Zero’ disko berria aurkeztuko du.

Kontzertuen ostean, Halloween Metal videojukebox ekitaldiari hasiera emango diote. Bertan, metal musikagaz gozatzeko aukera egongo da 06:00ak arte, zozketak prestatuko dituzte eta ezustekoz beteriko gau bat bizitzeko aukera eskainiko dute.

Sarrerak. Antolatzaileek sarrerei buruzko informazioa argitu dute. Aurretiaz erosita, jaialdiaren sarrera 11 eurokoa da. Lehiatilan erosiz gero, 13 euro ordaindu beharko dira.

Salmenta puntuak zeintzuk diren ere zehaztu dute: Bermeoko Kafe Antzokian eta Luma liburu dendan, Gernikako Ospa tabernan, Mungiako Herriko Tabernan eta Bilboko Gothic Zonen erosi ahal dira sarrerak. Saretik ere erosi daitezke, Kafe Antzokiko webgunean.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend