Eguenetan pilotan jokatzeko aukera egongo da Pasealekuko frontoian

Uztailean pilota herritarrei hurbiltzeko asmoagaz Pasealekuko frontoia konpontzen hasi ziren, eta orain, frontoia berriztuta dagoela, bertan jokatzeko aukera dute Gernika-Lumoko ume zein gazteek. Uda garaian, frontisa margoztu eta zorua egokitu zuten bertan jokatzeko leku aproposa sortzeko asmoz.

Arkupe pilota taldeak bultzatuta, 2005etik 2012ra bitartean jaiotako gazteek pilotan aritzeko aukera izango dute eguenetan 17:00etatik 19:00etara bitartean. Denbora tarte horretan pilotagaz jokatzera animatzen direnak pertsona arduradun baten zaintzapean egongo direla jakinarazi dute arduradunek. Gainera, edonor hurbildu daitekeela azaldu dute, “herriko edozein ume zein gaztentzat zabalik dagoen ekintza bat delako”.

1979. urtean Pasealekuko frontoian sortu zen Arkupe Pilota Taldea, eta leku horretatik hartu zuen izena taldeak; Arkupean jokatzen zutelako. Hala, pilota kalera aterata Pasealekuari bestelako giro eta bizitasuna eman nahi diote.

Frontoia berritzeko lanak hasi zirenean, Raimundo Oar Arteta Arkupe Taldeko lehendakariak Gernika-Lumon oraindik pilotara jokatzen dela erakutsi nahi zutela adierazi zuen: “Santanape jendearentzat urrun geratzen da, eta pilota ikusteko bertara joan behar da. Hau, berriz, jendeak ikusteko eta herritarrak hurbiltzeko leku aproposa da”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend