Bost semaforo jarriko dituzte bide segurtasuna hobetzeko
Gernika-Lumoko bide segurtasuna hobetzeko asmoagaz, bost semaforo berri jarriko dituzte udalerriko kaleetan. Bost bide seinale berriak jartzeko 45.000 euroko aurrekontua aurreikusi du Gernika-Lumoko Udalak, eta lanok urte bukaerarako prest egotea esper...
Oinezkoen pasabideek «segurtasun gehiago» izan dezaten, eta herri erdigunean «autoak geldoago» ibili daitezen jarriko dituzte semaforoak Jose Mari Gorroño alkateak argitu duenez. Haren berbetan, «herritarren segurtasuna bermatzea ezinbestekoa da».
Ikastetxeen segurtasuna
Carlos Gangoiti kalean Jai Alai frontoiaren aurrean zegoen semaforoa lekuz aldatu, eta beste bat jarri zuten tarte laburrean. Semaforo hori San Fidel Ikastolako sarrera nagusiaren parera lekualdatu zuten, eta modu horretan, ikasleen segurtasuna bermatu zuten.
Horregatik, San Bartolome kalean ere gauza bera egingo dutela aurreratu du Gorroñok: «La Mertzede Ikastetxea dago tarte horretan, eta ikasleen zein bertara hurbiltzen direnen segurtasuna bermatu nahi dugu, San Fidel Ikastolako bide seinaleagaz egin dugun moduan». Tarte horretatik igarotzen diren autoek, gainera, ez dutela «ezarritako abiadura errespetatzen» azaldu du alkateak.
Hala, Allende Salazar Ikastetxearen inguruko bide segurtasuna ere hobetuko dute, hainbat dira eta handik igarotzen diren ikasle zein nagusiak. Horregatik, Fray Martin de Murua kalean jarriko dute beste semaforo berri bat. Gorroñoren berbetan, auto eta herritarren joan-etorriak ordenatzea «beharrezkoa» da tarte horretan: «Goizetan hainbat ume, guraso zein aiton-amona joaten dira kale horretatik Allende Salazar Ikastetxera. Beraz, beste ikastetxeetan egin modura, bertan ere, Errigoitirako bidea hartzen duen errepidean jarriko dugu semaforoa, oinezkoen pasabidearen ondoan hain zuzen».
Bi semaforo horiekin, udalerriko ikastetxeak «babestuta» geratzen direla azaldu du alkateak. Izan ere, Gernikako Institutuak badauka berea, baita San Fidel Ikastolak ere, eta orain, Allende Salazar eta Mertzede ikastetxeen inguruan jarriko direnekin babestuta geratzen dira denak.
Bidegurutzea
San Juan eta Don Tello kaleek bat egiten duten bidegurutzean, berriz, hiru semaforo jarriko dituzte; bi bide zirkulazioa geldiarazteaz arduratzen direnak, eta bakarra anbar kolorekoa.
Bat San Juan kalean jarriko dute, eta Don Tellon, berriz, beste biak. Don Tello kaleko bidegurutzeko alde batean egongo da zirkulazioa geldiarazteaz arduratzen dena, eta beste aldean, anbar kolorekoa.