‘Bermeo, pertsona nagusiekaz herri lagunkoia’ 2018-2020 plana prestatu du Udalak

‘Bermeo, pertsona nagusiekin herri lagunkoia’ 2018-2020 plana Bermeoko Udalak, Bizitzen Fundazioagaz elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz eratu du.

Benito Ibarrolaza Gizarte Ongizate Udal Patronatuaren presidenteak azaldu duenez, “pertsona nagusiekin lagunkoi izatearen mugimendua Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatu du” eta proiektuagaz bilatzen duten helburua “herriak hobetzea” da, modu horretara “zahartzen joan ahala gure bizimoduarekin aurrera jarraitu dezagun”.

Herritar nagusien bizi kalitatea hobetzea da planaren helburua. Argazkia: Bermeoko Udala

Herritar nagusien bizi kalitatea hobetzea da planaren helburua. Argazkia: Bermeoko Udala

Ibarrolazak gaineratu duenez, “azken batean, pertsona nagusien bizi kalitatea hobetu gura da, eta, ondorioz, herritar guztiona ere bai”. Ildo horretan, Bermeo pertsona nagusiekin lagunkoia izatea lortu ahal izateko, “herriak bere politika, zerbitzu, ingurune eta egiturak hobetu” beharra duela adierazi du, “beharrizan eta gaitasun desberdinak dituzten pertsona nagusiak kontutan hartzeko”.

Landu beharreko arloak. Horrez gain, Ibarrolazak landu beharreko arloak zeintzuk diren zehaztu ditu. Besteak beste, “aire zabaleko guneak eta eraikinak, garraioa, etxebizitza, sareak eta gizarte-laguntza, enplegua eta partaidetza, errespetua eta gizarteratzea, komunikazioa eta informazioa, gizarte eta osasun zerbitzuak” dira udalak hobetu beharrekoak.

“Azken batean, udalerriko eguneroko bizitza denentzat apur bat hobeagoa eta pozgarriagoa izaten laguntzen duten gauza txiki horiek landu behar dira. Ez da horrenbeste ‘egitea’ baizik eta beste modu batera ‘pentsatzea’, etorkizunari begira nagusien ikuspuntua eta lagunkoitasun kultura barne hartuz”, azaldu du Ibarrolazak.

Alkateordearentzat herritarren parte-hartzea proiektua lantzeko oinarri nagusia izan da. Adierazi duenez, batez ere, “pertsona nagusiak eta senitarteko zaintzaileak dira plan honen protagonistak”. Horrela, herritarrekin batera diagnostiko bat eratu du udalak, eta ondoren, plana prestatu eta onartzeko bete beharreko lehentasunak zehaztu dituzte.

Proiektuaren aurkezpena. Udaletik argitu dutenez, datorren martitzenean, azaroaren 13an, aurkeztuko dute plana Bermeon. Kultur etxeko hitzaldi aretoan bilduko dira 18:00etan. Bertan herritarrei proiektua aurkeztuko zaie eta dagoeneko burutu diren ekintzak eta hurrengo pausuak zeintzuk izango diren azalduko dituzte. Ibarrolazak herritar guztiak gonbidatu ditu aurkezpen horretara.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend