Topa Gaitezen topaketara joateko deia egin dute Gernika-Lumon
Euskarari buruz iritziak trukatzeko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko bilgune bihurtuko da zapatuan, Portugaleteko Merkatua. Deialdia irekia dela azpimarratu duteEuskarari buruz hausnartzeko, iritziak trukatzeko eta eztabaidatzeko plaza bihurtuko da Por...
Euskarari buruz iritziak trukatzeko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko bilgune bihurtuko da zapatuan, Portugaleteko Merkatua. Deialdia irekia dela azpimarratu dute
Euskarari buruz hausnartzeko, iritziak trukatzeko eta eztabaidatzeko plaza bihurtuko da Portugalete, hilaren 10ean.Topa Gaitezen Bizkaiko gazte euskaltzaleen topaketa egingo dute, eta bertaratzeko deialdia egin zuten zapatu eguerdian, Gernika-Lumon. Hain zuzen, eskualdez eskualde aurkezpenak egiten aritu dira, eta zapatukoa izan da azkenengo agerraldia.
Euskaraz eta euskaratik, iritzi trukaketa, hausnarketa eta eztabaida plazaratuko dituzte zapatuan, Portugaleteko Merkatuan. Topaketaren antolatzaileen berbetan, lehenengo aldia da Bizkaiko gazteria aktiboa euskarari buruz hitz egiteko batuko dena.
Bizkaiko errealitate desberdinak barnebildu gura dituzte, eremu euskaldunetakoak zein eremu ez euskaldunetakoak, eta handik abiatuta, euskalgintzaren erronkei buruz berba egingo dute. Gogora ekarri dute deialdia irekia dela: «Euskararekiko afekzioa duen edozeini zuzenduta dago topaketa. Hau da, euskararen inguruan pentsatu, kezkatu, amorratu edota interesa daukaten guztiei parte hartzeko gonbidapena luzatzen diegu».
Elkar ezagutuz, «euskararen borrokari atxikimenduak» lortzeko eta egitasmo praktikoak sortzeko asmoa daukate. Euskara tresna eraldatzailea izan daitekeela argi daukate, Euskal Herria eraikitzeko beharrezkoa. «Amesten edo sinisten dugun Euskal Herri horren ardatza edo oinarria izan behar da euskara. Hizkuntza zapaldua da, eta, gaur egun, hezkuntza sistemaren mugak eta euskalduntze politikek dauzkaten mugak pairatzen ditugu».
Konplexurik barik euskaraz aritzea ezinbestekoa dela iritzita, «problematika zehatzak» aztertu, eta haiei zein irtenbide eman ahal zaizkien hausnartu gura dute.
Elkarregaz gosalduz hasiko dute goiza, eta hiru ataletan edo dinamiketan banatuko dute eguna. Hasteko, lantaldeetan elkartuta euskarak biltzen dituen alderdiei buruzko gogoeta egingo dute. Jarraian, euskarak daukan balioari buruz jardungo dira. «Bizkaiko errealitatearen diagnostikoa egiten saiatuko gara. Ahulguneak eta indarguneak aztertuko ditugu, eta hortik gure helburuak zeintzuk izan behar diren zehaztuko dugu. Eta helburu horietara ailegatzeko Bizkaiko gazte mugimenduaren erronkak zeintzuk izan behar diren aztertuko dugu».
Bazkaltzeko atsedenaldia hartuko dute, eta arratsaldean mahai inguruan batuko dira. Joxe Manuel Odriozola idazlea, Amaiur Renteria topaketaren antolatzaile eta gazte mugimenduko kidea eta Iñaki Etxarri Bilboko Euskaraldiaren koordinatzailea izango dira hizlariak.
Ostean, Bizkai mailako zein eskualdez eskualdeko eginbeharrak lortzeko bitarteko praktikoak zeintzuk izan ahal diren eztabaidatuko dute. «Komunitate bat bezala nola aurrera eraman daitezkeen ikusiko dugu». Euskaltzaleon komunitatea sortzeko eta saretzeko egitasmo praktiko bat beharrezkoa dela azpimarratu dute.
Topaketa borobiltzeko, musikak hartuko du Portugaleteko Merkatua.
Bonuak
Egun osorako bonuak 6 eurotan daude salgai. Busturialdeko herritarrek leku bakarra daukate eskuratzeko; Gernika-Lumoko Ospa taberna. Lea-Artibain ere salmenta puntu bakarra dago: Lekeitioko Galarrena taberna.