Memoria historikoari buruzko proiektuaren azken topaketa hartuko du Gernika-Lumok
Gaurtik eguenera arte “Venues of Victims / Venues of Perpetrators” proiektuaren azken topaketa hartuko du Gernika-Lumok. Proiektuan parte hartu duten 12 herrialdeetako kideak Astran batuko dira aste osoan zehar, eta giza eskubideei eta memoria historikoari buruzko ikuspegi ezberdinak aztertuko dituzte.
Proiektuagaz herrialde bateko zein besteko gertakizunen kontaerak eta ikuspuntuak jaso dituzte. Apirilean Alemanian egin zuten lehen bilera eta Gernika-Lumon emango diote amaiera aste honetan. Udaberrian Weimarren (Alemania) egin zuten lehenengo topaketan proiektua bultzatzeko estrategiak landu zituzten. Gero, Polonian elkartu ziren, eta udan herrialde ezberdinetako gazteak Kroaziara joan ziren giza eskubideen eta memoria historikoaren lanketa praktikan jartzeko. 15 egunetan Kroazian izan ziren Gernika Gogoratuz elkarteak aukeratutako bost gazte; Maitane Uriarte taldeko burua, Elia Malaxetxebarria eta Xabier Oyanguren gernikarrak, German Azumendi eta Kristina Bilbao bermeotarrak eta Javier Hernandez salamankarra.
Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko Ikerkuntza Elkartea da “Venues of Victims / Venues of Perpetrators” proiektuari amaiera ematen dion topaketaren anfitrioia, eta ikasitakoari buruzko “hausnarketa lana” egingo dutela jakinarazi du. Proiektuan parte hartu duten 12 herrialdeetako 35 ordezkari hurbildu dira udalerrira eta dagoeneko hezkuntzan historiako eta politikako gaiak nola lantzen diren aztertzen dabiltza. Gainera, gaur egungo diskurtsoetan hiritartasun demokratiko eta giza eskubideak zelan lantzen diren ere ikusiko dute.
Bost egun hauetan zehar, Kroazian egon ziren 60 gazteek ikasitakoa partekatuko dute ordezkariek Astean. Elkarretaratzean zehar hiribildua bisitatuko dute, baita Batzar Etxea, Gernikako Arbola eta Gernikako Bakearen Museoa ere. Gainera, arlo honetarako interesgarriak izan daitezkeen beste hainbat leku ere ikusiko dituztela jakinarazi dute arduradunek.
Azaroaren 8an Astran egingo duten azken bileraren asmoa ezagutzak eta esperientziak partekatzea eta pentsamendu kritikoa bultzatzea dela argitu dute. 11:00tatik 13:00etara proiektuaren aurkezpen publikoa egingo dute, eta bertara, Seber Altube Ikastolako, Gernika-Lumoko Institutuko eta Barrutialde Institutuko ikasleak hurbilduko dira.
Azken batzarrean, proiektuaren helburuak ezagutaraziko dituzte, baita Kroaziara joandako gazteek Europa Batasuneko Erasmus+eko bake, kooperazio eta giza eskubideen arloko programetan izandako esperientziak kontatu ere.