Emakumezkoen Euskal Ligan,
Gernika RT 58-15 nagusitu zitzaion
Orkli Ordiziari, zapatu arratsaldean. Lehen jardunaldiari zegokion partidua izan zen (iraileko azken asteburuan atzeratu egin zuten).
Denboraldiko lehen garaipena Urbietan lortzea zen etxekoen erronka, eta
helburua beteta, pozik daude jokalariak. Ordiziatik hamar jokalari etorri ziren, eta ondorioz, hamabi hamarren kontra aritu ziren. “Eurak gutxiago izateak lana erraztu zigun. Hamabina egon bagina, agian beste emaitza bat izango zen”.
Basurdeek nagusitasunez jokatu zuten, baina, amaieran, partidua erabakita zegoela ikusita, apur bat erlaxatu ziren. Orduan etorri zen gipuzkoarren erantzuna, eta hiru entsegu jarraian egin zituzten. Gernika RTren entseguak, Libe Gonzalez
Kizkur-ek, Naia Goiriena
Goiri-k, Leticia Calderon
Leti-k, Maitane Ortuzarrek, Eider Olarretak eta Maider Prietok egin zituzten. Goirik hiru entsegu egin zituen.
Lehen garaipenak emandako indarra eta ilusioagaz, are gogotsuago daude, eta orain hurrengo partidua prestatzeko momentua dela adierazi dute. Gainera, apurka-apurka min hartutakoak sendatzen ari dira, eta espero dute jokalari gehiago jokatzeko moduan egotea eta “partidu polita egitea”.
Hurrengoa, Hernaniren kontra. Asteburu honetan ez dute ligako partidurik jokatuko. Bi aste barru etxean ariko dira; Hernaniren (Hernani/Atletico/Txingudi) kontra lehiatuko dute 5. jardunaldia.
“Beti dugu irabazteko gogoa, eta Ordiziaren kontrako garaipenaren ostean, gogo eta motibazio gehiagogaz gaude”, azaldu du Maite Bilbao jokalariak. Hernaniarrak jokalari indartsuak direla nabarmendu du, eta gogotsu etortzen direla. “Euren mailara jokatu beharko dugu; indartsu, gogor. Eurak baino hobeak izatea da helburua. Guk joko gehiago daukagu, baina, eurek indar basatia dute”.
Argazkia: Mer Sanarc.