Atzo Berriatuan jokatu zuten Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken kanporaketa, eta bertako puntuazioaren ostean geratu zen erabakita finalaurrekoetan nortzuk ariko diren.
Oihana Bartra nagusitu zen atzoko saioan, eta, beraz, finalaurrekoetarako txartela lortu zuen. Hain justu, ariketa guztiak egin ostean, 469 puntu egin zituen, eta 446,5 puntugaz sailkatu zen bigarren Josune Aramendi markina-xemeindarra. Hirugarren egin zuen, berriz, Gernika-Lumoko Ibai Amillategik, Aramendik baino puntu erdi gutxiago lortuta. Itxaso Paia (411,5 puntu), Lander Ibarluzea (404,5 puntu) eta Asier Salcedo (399 puntu) sailkatu ziren laugarren, bosgarren eta seigarren, hurrenez hurren.
Guztira, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bost kanporaketa jokatu dituzte, eta bakoitzaren irabazlea zuzenean pasatu da finalaurrekoetara; gainontzeko bertsolariak, berriz,
puntuazioaren arabera sailkatu dira. Julen Erezuma eta Ander Elortegi gernikarrek bigarren egin zuten, nork bere kanporaketan, eta biek ala biek finalaurrekoetarako txartela lortu dute.
Finalaurrekoak. Azaroaren 18an Berrizko herri pilotalekuan lehiatuko dute
lehen finalaurrekoa, 17:00etan hasita. Eta
bertan izango da
Erezuma, beste bost bertsolarigaz batera. Hain justu, gernikarragaz batera honako hauek ariko dira: Aitor Bizkarra, Imanol Uria, Miren Amuriza, Unai Mendiburu eta Xabat Galletebeitia.
Bigarren finalaurrekoa lehiatzeko
azaroaren 25ean Igorreko udal kiroldegian elkartuko dira. Hitzordua 17:00etan jarri dute. Orduan ere, Busturialdeko ordezkaritza izango da,
Onintza Enbeita muxikarra igoko baita oholtza gainera, duela bi urteko finalean egoteagatik aurtengo finalaurrekoetara zuzenean pasa ostean. Egun horretako seikotea Beñat Ugartetxeak, Eneko Abasolok, Malen Amenabarrek, Nerea Ibarzabalek eta Oihana Bartrak osatuko dute.
Azken finalaurrekoa abenduaren lehen egunean lehiatuko dute
Lekeitioko Santi Brouard kiroldegian; ordutegia aurreko bietakoa izango da.
Azken horretan kantatuko du
Elortegik, eta beragaz batera egongo da taulagainean
Ibon Ajuriagojeaskoa gernikarra ere. Enbeita bezala, azken hori be duela bi urteko finalean egon zen, eta, horrenbestez, aurtengo finalaurrekoetara zuzenean pasatu da. Aipatu bi bertsolariekin batera eszenatokian egongo dira baita Arrate Illaro, Etxahun Lekue, Jone Uria eta Txaber Altube.
Sarrerak. Txapelketaren finalaurrekoetara zein finalera joan nahi duenak aurretiaz sarrerak erosteko aukera du,
www.bertsosarrerak.eus webgunean. Dena den, saio egunetan ere eros daitezke sarrerak (txarteldegiak 16:00etan zabalduko dituzte).