Lurgorriko auzotarren antzinako eskolari buruzko proiektua onartu du Gernika-Lumoko Udalak

Lurgorri Auzo Kultur Elkarteak antzinako eskola gizarte etxe bihurtzeko egindako proposamen proiektuari baiezkoa eman dio

Urteetan hutsik egon den Santa Luziako antzinako eskola berriztu eta gizarte etxe bihurtuko dute. Lurgorri Auzo Kultur Elkarteak urte luzez egindako lanari eta aurkeztutako Lurgorriko eskolako proiektu proposamenari baiezkoa eman dio orain Gernika-Lumoko Udalak.

Santa Luziako antzinako eskola jakintza alor anitzeko lekua izango dela jakinarazi dute kultur elkartekoek. Gainera, nagusientzako tokia izaten jarraituko duela ere argitu dute.

Bere aldetik, egokitzapen lanak astelehenean hasiko dituztela esan du udalak, eta bi hilabeteko iraupena izango dutela aurreratu du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak. Lanok burutzeko aurrekontua 42.472,89 eurokoa dela jakinarazi du, gainera.

Lan gogorra, denbora luzean egindakoa eta beharrezkoa. Horrela definitu dute lortutakoa Lurgorri Auzo Kultur Elkarteko kideek. Ezustekoa izan da beraientzat udalaren baiezkoa jasotzea, eta erabakia “oso pozik” hartu dutela esan dute. “Lortu dugu nahi genuena, auzoan beharrezkoa dena. Bost urtetako lanak emaitzak izan ditu, eta azkenean eskatutakoa egin egingo da”, diote elkarteko kideek.

Kultur elkarteak urte horietan izan duen “bizitasuna” proiektuari baiezkoa emateko ezinbestekoa izan dela adierazi dute kideek: “Auzoan antolatu ditugun ekimenetan egon den parte hartzea egon ez balitz, eta auzoa ez balitz izango den bezain dinamikoa, ezingo genuke lortu duguna eskuratu”. Izan ere, 2013. urtean auzotarrak batzen hasi zirenetik asko izan dira urteen joanean antolatu dituzten ekintzak: irteerak, Olentzero, San Joan gaua, bigarren eskuko azoka, San silbestre lasterketa.

Auzoari bizitasuna ematea da gizarte etxearen helburu nagusietako bat

“Askotariko jendea batu ginen 2013ko azaroan, auzoan beharrizan batzuk zeudela ulertu genuelako”.
Hala, baina, orain auzoan dauden kulturari lotutako “beharrizanak” ikusita, gizarte etxe bat egiteko ideia lantzen hasi ziren orain dela urte batzuk. Izan ere, negua “luzea” egiten dela diote auzotarrek, eta “aterpe” bat edukitzea beharrezkoa dela uste dute.

Beharrizanak

Lurgorri auzoa asko handitu da azken urteotan, baina handitze hori egon izan arren, “ia ez dagoela azpiegiturarik” zehaztu dute auzo kultur elkartekoek.

Hala, auzoko dinamizazio soziokulturala bultzatu asmoz eta “oinarrizko beharrizan sozial, kultural eta zibikoak” edukitzeko eskatu zioten udalari antzinako eskola gizarte etxe bihurtzeko: “Auzoan bizitasuna eta auzotarrentzako topagune bat sortu nahi izan dugu hasieratik. Auzotarren arteko partaidetza sustatu eta komunitatearen ideia aberastu gura dugu”.

Lurgorriko antzinako eskola

Lurgorri Auzo Kultur Elkarteko zenbait kide antzinako eskolaren aurrean.

Auzotarren artean interes “handia eta motibazio bizia” egon da helburua lortzeko, eta lortu dute. Eraikinari erabilera publikoa, zabala, berritzailea eta parte hartzailea eman gura diote, “ekipamendua” eta inguruko guneak horretarako “oso espazio aproposak” direlako. Gainera, otsailera arte sorospen larrialdi zerbitzuek erabiltzen zuten, baina ordutik hutsik egon da. Horrela jakinarazi zioten udalari uda ondoren.

Antolaketa

Eraikinean talde eta kolektibo desberdinen asmoetarako espazioa egokitzeko proposamena egin, eta hala onartu du udalak. “Auzoaren kultur esparrua landu gura dugu eraikinean, beti ere auzotar guztiak kontuan hartuz: haurrak, gazteak, emakumeak, nagusiak…”. Bertan, ekintzak, ikastaroak edota jardunaldiak antolatu nahi dituzte, “auzoak behar duen bizitasuna suspertzeko”. Horrela, «benetako» gizarte etxe bat bihurtu nahi dute, auzotar guztiek beraien proiektuak burutzeko aukera ematen duena.

Helburu horiek guztiak betetzeko, eraikina berriztu behar da, eta bere egituraren arabera espazioak zehaztuta aurkeztu zituzten onartutako proposamenean kultur elkartekoek.

Beheko solairuko ezkerraldean, nagusiak egoten dira karta jokoan, eta espazio horren funtzionamendua mantendu egingo dute. Beste aldean, berriz, materiala gordetzeko espazioa eta ume txikientzako gune txikia egitea proposatu zuten.

Goiko solairuan hiru gune desberdinduko dituzte. Batetik, erakusketak, hitzaldiak, antzerkiak… egiteko balioanitzeko espazioa egongo da. Bestetik, liburutegi txiki bat, eta azkenik, gorputz mugimenduari zuzendutako espazioa.

Udalak eta elkarteak espazioari buruzko batzarrak egiten jarraituko dute

Lekuaren kudeaketa zelakoa izango den eta nork eramango duen ez dute zehaztu. Halere, udalagaz elkarlanean hartuko dituzte espazioari buruzko erabakiak: “Bion arteko hartu-emanak egongo dira zehazteke geratzen dena erabakitzeko”.

Lurgorri Auzo Kultur Elkartea auzotar guztientzako zabalik dago. Edozeinek parte hartu dezake. Hilean behin geratzen dira auzoa bizitasunez betetzeko asmoz, eta batzarretara edonor joan daiteke. Informazioa jasotzeko, ondorengo helbide elektronikora idatzi besterik ez da egin behar: lurgorri.gizarteetxea@gmail.com.

Aniztasun handiko elkartea da Lurgorri auzokoa, eta bost urtean asko izan dira auzoaren alde apustu egin duten herritarrak. Horiei eta orain biltzen direnei eskerrak eman nahi izan dizkiete kideek, “urte luzez egindako lanagatik”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend