Derbia Urbietan, Emakumezkoen Euskal Ligan

Emakumezkoen Euskal Ligaren 1. jardunaldian atzeratu zuten derbia hartuko du bihar arratsaldean Urbietak. Gernika RTren eta Orkli Ordiziaren arteko partidua 17:15ean hasiko da. Ligako lehen garaipena lortzea dute helburu basurdeek.

Biharko gogotsu daude. “Gure pareko taldea da, eta irabaztea espero dugu. Orain arte nahiko ondo jokatu dugu ordiziarren kontra. Kristoren gogoagaz gaude. Espero dugu jendea animatzera etortzea; behar dugu”, esan du Maite Bilbao jokalariak.

Urbietako errubgi zelaia bigun dagoela-eta horrek etxekoei mesede egingo die. Izan ere, Ordiziak belar artifizialean jokatzen du. Gernika RTko hamasei jokalari daude jokatzeko moduan, eta beraz, hamabira jokatuko dute. Min hartuta egon diren pare bat jokalari bueltatuko direla zehaztu dute. “Iaz lehen partidua Ordizian jokatu genuen, eta erraz nagusitu ginen. Gero, eurak hona indartsu etorri ziren, eta partidua irabazi zuten”, azaldu du Bilbaok.

GernikaRT

Gernika RTren jokalariak, aurreko jardunaldian.
Argazkia: Aitor Lauzirika.

Emakumezkoen Euskal Ligaren sailkapenean azken postuan dago Orkli Ordizia; ez du punturik eskuratu orain arte. Talde gernikarra bi postu gorago dago, 3 puntugaz.

Getxoko partidua. Aurreko asteburuan, getxoztarren kontrako derbia lehiatu zuten. Gernikarrak zortzi jokalarigaz geratu ziren, eta ondorioz, lehen zatia jokatuta bukatu zuten partidua, 65-0ko emaitzagaz. “Hamabi jokalari joan ginen, horietako batzuk min hartuta, eta minutuek aurrera egin ahala jende barik geratu ginen. Gu zortzigaz eta eurak hamabigaz zeuden, eta horrelakoetan partidua bertan behera geratzen da”.

Getxo “beste maila batean” dagoela dio Bilbaok, eta esperientziaren garrantzia nabarmendu du: “Urte pila bat daramate; igarri egiten da goiko mailan jokatu dutela”. Getxoko nesken taldeak 40. urteurrena bete du, eta fitxaketetarako aurrekontua dute (Zelanda Berriko jokalari bat fitxatu dute aurten).

Heineken Ligan ere derbia. Bestalde, gizonezkoen Ohorezko Mailan hernaniarren eta gernikarren arteko derbia dago. Basurdeek Landare Tokin lehiatuko dute Heineken Ligaren 7. jardunaldia, domekan [azaroak 4]. Hernani CRE eta Gernika RTren arteko partidua 12:00etan hasiko da.

Bi taldeak sailkapenaren behekaldean daude, 11na puntugaz berdinduta. Talde gernikarra azken aurreko postuan dago.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend