Bakearen aldeko keinuak

Willian Kelly artista australiarraren ‘Arteak bala bat geldi dezake?’ lana ikusgai dago Bakearen museoan. Gerrek sortutako ondorioak eta herritarren erantzunak ikusi ahal dira erakusketan.

Zer da artea? Zer da arteagaz lor daitekeena? Artea ankerkerian oinarritzen da, ala
bizitzako poztasunetan? Zer da artea norberarentzat? Eta noberaren ondoan jesarrita dagoenarentzat?
Asko dira arteari buruz egin daitezkeen galdera zein erantzunak.

William Kelly artista australiarrak, baina, beste galdera bat egiten dio bere buruari: Arteak bala bat geldi dezake? Galdera hori da, hain zuzen, Gernika-Lumoko Bakearen museoan dagoen aldi baterako erakusketaren izenburua, eta martxoaren 17ra arte egongo da ikusgai.

erakusketako irudiakErakusketako lanetan galdera horri erantzuten saiatzen da Kelly. Artista eta bakezalea da australiarra, eta bere lana 20 herrialde baino gehiagotan erakutsi du. Gainera, bilduma publiko askoren parte ere badira bere obrak; besteak beste, Australiako Galeria Nazionalekoaren edota Nazio Batuetako Galeriaren parte.

Kellyren obren eragina. Bere artelanek gizartean izan duten eragina dela eta, artista eta humanisten belaunaldi oso baten aholkularia izan da nazioarte mailan Australian bizi den margolaria.

Artista garaikideen artean bitxia izan da bere ibilbidea, bere artea aktibismoagaz suspertzeagatik baita ezaguna. Hori horrela, hiru herrialdetan jaso ditu sariak  egindako giza eskubideen aldeko lanengatik: Australian, Violence Prevention Award saria jaso zuen; Euskal Herrian, Gernika-Lumoko Hiri Aipua eman zioten; eta Estatu Batuetan, Peace Abbeyk eman zion Courage of Concience Award saria.

Zenbait artisten eta adituen aitorpena ere jaso duela batzen du Bakearen Museoko erakusketak. Esaterako, Australiako Unibertsitate Nazionaleko irakasle den Sasha Grishin-ek Kelly artearen “adierazlea” dela dio: “Bake mugimenduari eskeini dio bere bizia eta bere artea. Gaur egun, arte australiarraren kontzientzia moralaren adierazletzat hartzen da bera”.

William Kelly artista australiarraren lana martxoaren 17ra arte ikusi ahalko da

Artistak bere obretan erakutsi modura, arteak gauza askotarako balio du; dela gerra erakusteko, gerra bizi dutenen testigantzak jasotzeko edota egoera eta gertakizunak salatzeko. Hala, Willian Kellyk dioen moduan, “margo batek ezin dezake bala bat geldiarazi, baina bai tiro bat ekidin”.

Bakearen Museoan dagoen erakusketan, artistak bakearen alde egiten duela argi ikus daiteke. Izan ere, asko dira bere margolanetan sinbologia erabiliz bakeari egiten dizkion keinuak.

Margolanak ez ezik, bideo bat ere aurki daiteke bertan. Ikus-entzunezko horretan, hainbat argazki, testigantza zein bideo sekuentzi ikus daitezke; guztiak eraso baten ondorio izandakoak. Hala, baina, agertzen diren irudiak gatazkaren aurkakoak dira: eraso matxistaren aurka emakumeek antolatutako manifestazioak; Gernika-Lumoko biztanleen testigantzak bonbardaketa gertatutakoa ezagutarazteko; artista ezagunek gatazken aurka egindako abestiak, filmak edota adierazpenak; baita Vietnameko gerra amaitzen lagundu zuen Nick Ut-en argazkia ere.

testigantza

Kellyk azaldu moduan, esanguratsuak dira bideoko irudiak. Picasso artista bakezalea zela dio, “berak margotutako Gernika obrak gerraren trajedia agerian jartzen duelako, eta itxaropenerako lore bat erakusten duelako”.

Guzti horregaz, “bizitzak opariak” eskaintzen dituela azaldu gura izan du Kellyk: “Pertsona bakezaleak daude, zubi eraikitzaileak direnak edota aldaketak eskatzen dituztenak”. Izan ere, artistaren berbetan, eta bere lana justifikatuz, “biolentzia gure ahulezia dela ulertzen dugun momentu horretan, konturatuko gara maitasuna dela gure indarra”.

Biolentziaren aurka. Edertasuna, grazia eta maitasuna ezin direla arma baten kanoian ezta biolentziaren erdian aurkitu azaltzen du bere lanagaz Kellyk: “Edertasuna ez da erasoaren erdian topatzen ezta babes eske dabiltzan errefuxiatuen kontrako eraso edo oldarkeriaren erdian topatzen. Edertasuna, grazia eta maitasuna amaren magalean dagoen ume baten irudiarekin hasten dira niretzat. Maitasuna ondo ezagutzen duen umean, jolasean dabilen ume baten barre algaran”.

Artea hirugarren Reich-aren garaiko artistetan, zein filmetan aurki daitekeela dio artistak, baina norbere buruari ere hitz egin diezaiokeela arteak dio. Hala, William Kelly artistarentzak, arteak “esanahi eta indar handia” dauka: “Arteak indarra du. Aipagarria den arteak ausardia eskatzen du. Pertsonen pentsamendua alda dezake”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend