Aurkari zuzenaren kontra garaipen garrantzitsua lortu du Lointekek

EuroCup Women txapelketaren Taldekako Faseko bigarren jardunaldia Malosten jokatu zuen talde gernikarrak, atzo gauean. Etxeko taldea 79-67 nagusitu zitzaion UNI Györ talde hungariarrari.

Hirukoen gaua izan zen; partidu ikusgarria. Etxeko taldeak erasoan zein defentsan asmatu zuen. Joko bizia erakutsi zuten Lointekeko jokalariek. Eraginkor jokatuz, denek dena eman zuten.

Mario Lopez Lointekeko entrenatzailearen berbetan, “partidu borobila” egin zuten jokalariek: “Taldea ondo egon da, eta kanpoko jaurtiketetan asmatzen. Horretan pauso bat eman dugula uste dut”. Hamalau hiruko egitea partiduaren giltzarrietako bat izan dela adierazi du, eta hirugarren laurdenean erakutsitako defentsa lana azpimarratu du.

EUROCUP LOINTEK GYOR4

Jazmon Gwathmey Lointekeko jokalaria, baloiagaz. Argazkia: Gernika KESB.

29-17ko markgailuagaz amaitu zuten lehen laurdena. Etxekoek batik bat defentsa lanari eta hirukoei esker lortu zuten aurretik jartzea. Lointekekoak Gwathmey bilatzen zuten kantxan, eta hungariarren taldean Spanou jokalari beteranoa izan zen protagonista. Etxeko jokalarien artean hirukoen festa egin zuten Dietrickek, Mazyonitek eta Berezhynskak. Lointeken nagusitasuna agerian utzi zuen, esaterako, lehen laurdenaren azken minutu eta erdian lortutako 8-0ko partzialak.

Bigarren laurdenean ere egoera ez zen asko aldatu, eta lehen zatia borobildu zuen Malosteko taldeak. Hala ere, sei baloi galtzeak (horietako hiru jarraian) kezka apur bat eragin zuen. Hungariarren altxor nagusia zen Spanou, eta taldekideak bere bila ari ziren arriskua lortzeko helburuagaz. Hala, etxekoen zeregina haren hirugarren falta pertsonala eragitea zen. Urruneko jaurtiketekin asmatu zuen Lointekek. Uni Györ-ek, ostera, pare bat eraso on burutzea lortu zuen.

Hamar puntuko aldeagaz (48-38) bukatu zuten lehen zatia. Bigarrenaren hasieran ildo beretik jarraitu zuten; hirukoak bata bestearen atzetik etorri ziren. Halaber, defentsa sendoak aurkariaren erasoko jokaldiak ekidin zituen. Etxekoen jokaldiek zoramena ekarri zuten Malostera. Kantxan gozatzen ari ziren, eta harmailetako zaleek gozatzea lortu zuten. 64-44ko markagailuagaz heldu ziren laugarren laurdenera. Partiduaren norabidea argi egon arren, hungariarren erantzunaren beldur ziren.

Partidua ia erabakita bazegoen ere, puntuen aldea ahalik eta handiena izateak duen garrantziaz jakitun, etxekoek ekinean jarraitu zuten. Hungariako taldeak ere defentsa sendotu zuen. 2-14ko partzialak kezka eragin zuen. Baina, taldeak gehien behar zuen momentuan aurpegia eman zuen Naira Diez kapitainak. Hirukoekin duen maisutasuna erakutsi zuen, beste behin.

Hurrengoa, portugaldarren kontra. EuroCup Women txapelketaren Taldekako Faseko hirugarren jardunaldia etxetik kanpo jokatuko du Lointekek. Clube União Sportiva talde portugaldarra da hurrengo aurkaria. Bi taldeak azaroaren 7an (eguaztena) lehiatuko dira. Hain zuzen, Gironak 71-80 irabazi zion Clube União Sportivari atzo. Talde katalanak orain arteko partidu denak irabazi ditu EuroCup-ean, eta multzoko liderra da.

EUROCUP LOINTEK GYOR2

Ariztimuño, Diez eta Molina atzoko partiduan.
Argazkia: Gernika KESB.

Asteburuan, liga. Europako txapelketako partidu honen ostean, Dia Ligan arreta jartzeko momentua da. Dia Ligak ere ez du etenik, eta asteburu honetan Gernika-Lumoko taldeak etxetik kanpo lehiatuko du 5. jardunaldia. Quesos El Pastor-en kontra jokatuko du Zamoran zapatuan, 19:30ean hasita.

 

 

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend