50. urteurrena ospatuko du Txomin Agirre ikastolak
Urteurren borobila ospatzeko ikasturte osoan askotariko ekintzak egingo ditu Ondarroako Txomin Agirre ikastolak. Hori bai, ekintzak publiko osoari zuzenduta egongo direla aurreratu dute. «Herritarrek, beraz, kultura, kirol, hezkuntza eta tradizio ekit...
Oro har, hitzaldiak, adituek gidatutako jardunaldiak, erakusketak eta bestelako ekintzak egingo dituzte. Lehenengo ekintza atzo ikastolako Iparra Guraso Elkarteak antolatutako Arimen Gaua izan zen.
Urteurrena ikastolan egiten dutena herritarrei erakusteko aprobetxatuko dutela azaldu du Alaine Solabarrieta ikastolaren zuzendariak. «Txomin Agirrek Bizkaiko ikastola berritzaileenetarikoa izatera eraman duen hezkuntza ibilbidea ospatzea du helburu. Eta, aldi berean, gizarteari eta inguruari ikastolako hormak zeharkatuko dituzten balore eta hezkuntza tresnak eskaintzea».
Hiru aste tematiko
Ikasturtean egingo dituzten ekintzen artean dago Roberto Aguado psikologo klinikoaren hitzaldia. Aste tematikoak ere egingo dituzte. «Hiru aste tematiko egingo ditugu, kirola, kultura eta zientziari zuzenduta». Kirol Astea kirolari profesionalen eskutik jorratuko dute. Aste Kulturala, ostera, kazetari, idazle, bertsolari, sukaldari, musikari eta aktoreen eskutik ospatuko dute. Azkenik, Zientzia Astean mediku espezialistak, ikertzaileak edota emakume zientzialariak gonbidatuko dituzte.
Urteurrenaren baitan, gainera, ikasleek landutako proiektuak aurkeztuko dituzte. Ondarroako hezkuntza ibilbidea errepasatzeko argazki erakusketa bat ere egingo dute. Erakusketa Udal Erakusketa Aretoan egongo da ikusgai, otsaileko aste oso baten. Ospakizunekin amaitzeko, ikastolako ikasle ohien biltzarra eta afaria egingo dituzte ekainean.
Elizbarrutiko Ikastetxeak sareko kidea da Txomin Agirre, eta Bilboko Gotzaindegiaren agindupean dagoen Bizkaiko ikastola zaharrenetarikoa da. 1968an sortu zen, ikastolen mugimenduagaz bat euskarari bultzada eman eta euskaraz ikasi nahi zuten ikasleei erantzun asmoz.