Mutriku, basoak fumigatzearen aurka agertu den lehen udalerria
Intsignis pinuen banda gorri eta marroiaren gaitzari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak planteatutako konponbidea baztertu duen lehenengo udalerria daBaso publikoak kobre oxidoarekin airez ez fumigatzeko mozioa onartu du Mutrikuko Udalak. Berdeak eta Ind...
Intsignis pinuen banda gorri eta marroiaren gaitzari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak planteatutako konponbidea baztertu duen lehenengo udalerria da
Baso publikoak kobre oxidoarekin airez ez fumigatzeko mozioa onartu du Mutrikuko Udalak. Berdeak eta Independenteak herri plataformak egindako mozioa onartu zuten aurreko eguenean egin zuten ohiko osoko bilkuran. Aldeko 7 boto (EH Bildu eta B+I) eta aurkako 6 botorekin (EAJ) onartu zuten mozioa, hain zuzen. Mozioa, EH Bilduren babesari esker onartu zela nabarmendu dute B+I koalizioko ordezkariek.Mozio hori onartuta, Euskadi mailan intsignis pinuen banda gorri eta marroiaren gaitzari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak planteatutako konponbidea baztertu duen lehen udalerria bihurtu da Mutriku. «Gure udalak, Mutrikuko Udalak, bere ingurumen eta herritarrak babestu behar dituela uste dugu. Espero dugu Mutrikukoa lehena eta azkena ez izatea. Udal modura gure neurri xumean eredugarri izan behar dugula iruditzen zaigu. Mozio honen helburua gaiari hedapena eta bultzada ematea izan da. Hori, baina, beste udalen esku geratzen da», azaldu du Iñigo Agirre Berdeak eta Independenteak herri plataformako zinegotziak.
41.000 hektarea
Mozioari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiari banda gorri eta marroiari aurre egiteko 2019ko udaberrian aurreikusita dauzkan airezko kobre oxidoaren fumigazioak aurrera ez eramateko eskatu dute. Eta aldundiarekin bitartekari lanak egiteko eskatu diote udalari.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusien oniritziarekin, 41.000 hektarea intsignis pinudi fumigatu nahi ditu kobre oxidoarekin. «Kanpoko espezie bakar baten landaketa intentsiboak eragindako ondorioei aurre egin beharrean, kobre oxido biozida erabiliko dute airetik. Ingurumenaren aurkako jarduera bat da gure mendi, fauna eta ibaiak kaltetuko dituena. Europako Batasuneko REACH 2015/830 zuzentarauaren arabera, oso toxikoa da organismo akuatikoentzat». Nabarmendu dutenez, Jaurlaritzak «aparteko baimena» eskatu dio Espainiako Gobernuari 2019ko udaberrian airezko fumigazioa egiteko, «arazoaren sustraiak kudeatu beharrean, eta bionaiztasunean eta bertako espezietan oinarritutako baso kudeaketa sostengarri bat planifikatu beharrean».
Iñigo Agirre koalizio ekologistaren ordezkariak egueneko osoko bilkuran azaldu zuenez, Atlantiar isurialdean egoten diren euri jasa ugariek eta airetik botatako kobre oxidoa eta berarekin batera botatako olio mineralek pinudien gaitzari ez ezik beste bizidun ugariri kalte egin diezaiokete, gizakia barne. «Hauen artean daude mendiko putzu txikietan ugaltzen diren anfibioak, uhandreak, arrabioak eta igel mota ezberdinak eta Europa mailan babestutako liken, musgo, alga eta onddoak».
Beste alde batetik, koalizio ekologistaren iritziz, Mutriku, Deba, Itziar, Mendaro eta Elgoibarko iturriko ura kaltetu dezakete fumigazioek. «Edaten dugun ura Kilimon akuiferotik hartzen dugu, batez ere, Arno, Izarraitz eta Andutz mendietako izaera karstikoagatik. Izaera karstiko horrek lurpean aurkitzen diren zirrikituetatik betetzen dira, eta kobrea metal astuna izanik, ez da degradatzen eta edan behar dugun akuiferoetara bideratuko da goizago edo beranduago».
Etorkizun sostengarria
Mozioa onartzearekin batera, Mutrikuko Udalak herriko baso publikoetan eredugarri izan daitekeen baso kudeaketa berri bat bultzatu beharko du, baso politika berri baten lehen urrats bezala. Hau da, bioaniztasuna eta etorkizun sostengarri bat bermatuko duen baso politika bat.
Mutrikuko Udalak Espainiako Nekazaritza Ministerioari ere udalbatzan hartutako erabakiaren berri helarazi beharko dio.