Kontserben industriako hitzarmenak «blokeatuta» jarraitzen du
Sindikatu eta langileen ordezkariek deituta, Bermeoko kontserba sektoreko langileak herriko lantegien aurrean batu dira, lan baldintza hobeak lortzekoBizkaiko arrain kontserba eta gazituen industriako hitzarmenaren negoziaketa bloketatuta dagoela salat...
Sindikatu eta langileen ordezkariek deituta, Bermeoko kontserba sektoreko langileak herriko lantegien aurrean batu dira, lan baldintza hobeak lortzeko
Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen industriako hitzarmenaren negoziaketa bloketatuta dagoela salatu dute sektoreko langileen ordezkariek eta sindika- tuek. Bermeoko lantegien aurrean batu ziren atzo lan baldintza hobeak eskatzeko.Salatu dutenez, patronalaren aldetik hitzarmena gelditurik dago, eta ez du aurrera egin azkenengo hilabeteetan. Pili Urizar langileen ordezkariak adierazi duenez, «negoziaketa mahaia dagoeneko hamazazpi aldiz bildu da azken hamaika hilabeteetan». Hitzarmena lortzeko saiakerek aurrera egiten ez dutela ikusita, egoeraren azterketa egiteko unea iritsi dela diote.
Negoziaketa mahaian ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuak batu izan dira, CEBEK eta NORPRESCO patronalekin hitzarmena negoziatzeko. Negoziaketak aurrera ez doazela ikusita, lan baldintza hobeengatik «borrokatzea besterik ez dela geratzen» azaldu du Urizarrek. «Hitzarmen zaharra sinatu aurretik zortzi urte luzez ibili ginen borrokan. Kostata, baina hitzarmena aurrera atera genuen». 2016. urteko ekainean lortu zuten azken hitzarmena sinatzea.
Hitzarmen hori berriztatzeko unea iritsi dela aldarrikatzen dute kontserba enpresetako langileek, beraien lan baldintzak hobetu eta duintasun jauzi bat emateko asmoagaz. Azaldu dutenez, patronaleko ordezkarien berbetan, «ezin dituzte langileen soldatak igo eta ezin diete ezer gehiago eskaini, dirurik ez dagoelako». Hala ere, langileen ustetan, «azken urteetan kontserba eta gazituen enpresek irabazi oso onak eduki dituzte», eta ez dute ulertzen soldata hobeak ukatzearen zergatia.
Sektoreko hainbat enpresa komunikabideetan hainbatetan azaltzen direla nabarmendu nahi izan dute: «Arrain azoketan, kirol ekitaldietan eta bestelakoetan ikusi daitezke». Aldarrikatu dutenez, iragarki horiek ikustea langileen lanaren emaitzekin bakarrik lortu daitezke, eta hori nabarmentzea nahi dute. «Aberasten ari dira, badakigu enpresariak zapatekin ibiltzeko gu abarketekin aritu behar garela, baina ezin dena izan da beraiek zapatak jantzita gu oinutsik ibili behar izatea. Beraz, lantegien irabaziak langileen artean hobeto banatzea eskatzen dugu, denek ikusteko lantegietako lanak soldata duinak dituela, eta sektore honetan ari diren langileek bizimodu duin bat ere lortu ahal duela».
Langile eta herritarrei enpresen irabazien berri eman nahi diete. Horrela, «emakumeei, beraien langileei, irabazi horien zati bat banatzeko» eskatzen diete enpresaburuei. Hori argi uztea garrantzi handikoa dela uste dute, «bai langileen artean eta bai patronalaren artean».
Aintzane Larrabaster Salica enpresako komiteko delegatu eta LABeko ordezkariaren berbetan, «ez da egon aldaketa askorik azkenengo hilabeteetan izandako negoziaketetan». Hitzarmen zaharrak eskainitako onurak edukitzen jarraitzen dute, baina aldi berean ez dute beste onurarik irabazi.
Soldata duinak
«Soldata duinak lortu eta Kontsumorako Prezioen Indize hobea lortzea eskatzen dugu», dio Larrabasterrek. «Betidanik, enpresa hauetan lanean ari garen emakumeen soldatak etxera laguntza bezala eramateko soldata bezala hartu izan dira. Eta hori ez da horrela izan behar. Emakumeak independenteak gara, gure soldatekin gure bizimodua aurrera ateratzea posible izatea nahi dugu. Hori lortzeko, soldatak eguneratu egin behar dira».
Larrabasterrek zehaztu duenez, arrain kontserba industriako enpresen langileriaren %80 emakumez osatuta dago. «Lanbide hau betidanik izan da emakumeena, eta, orokorrean, gure egoera prekarioa da arrazoi horregatik. Gizonezkoen lanbidea izango balitz ziur asko soldata hobeak egongo lirateke, eta gai hauek beste era batera hitzartuko lirateke».
Behin-behineko kontratuen aurka ere azaldu dira ordezkariak. «Bermeon lantegi hauetan lan egiteko kualifikatuta eta prest dagoen jende gazte ugari dago, baina ez daukate kontratu iraunkorrik, kanpora botatzen dituzte. Gure ustez, prestakuntza daukaten langileek kontratu iraunkorrak izan beharko lituzkete».
Urizarren arabera, «hori aldatu beharra dago». Jende berria datorrela azaldu du, «jende gaztea», eta horien alde egin beharra aldarrikatu du: «Beraientzat lan baldintza hobeak lortzea gure eskuetan dago, hori da gure lana».
Bermeotik Lea-Artibaira
Langileen ordezkariek jakitera eman dutenez, Lea-Artibaiko arrain kontserba industriaren enpresetako langileengana ere joko dute, hitzarmena zein egoeratan dagoen azaltzeko. Horrela, datorren azaroaren 6an Markina-Xemeindik hasita Ondarroaraino joango direla adierazi dute. Horrez gain, CEBEK patronalaren aurrera joateko asmoa ere badutela argitu dute, datorren hilaren bukaeran.
«Beraien laguntzagaz batera gauzak aurrera ateratzea bilatu nahi dugu, bada sasoia eta langileok ere irabaziak ikusteko», azaldu dute. «Hitzarmenak aurrera egiteko unea iritsi da, ezin da jesarri eta betiko gauza berberak sinatu. Honaino heldu gara».