Herriko argiteria berritu du Bermeoko Udalak, “ingurua gehiago zaintzeko” helburuagaz

Bermeoko Udalak Tekunigaz herriko argiteria eskaintzeko kontratu berria sinatu zuen joan den uztailean. Kontratu horren bidez herriko argiteria aldatzen ari dira, “jasangarriagoa izateko eta gure ingurua gehiago zaintzeko”.

Idurre Bideguren Bermeoko alkatea eta Benito Ibarrolaza alkateordea eta Zerbitzuetako zinegotzia, udaleko teknikariekin eta Tekuni enpresako ordezkariekin batera, argiteria berria ikuskatzeko lanetan aritu ziren joan den astean.

Udaleko ordezkariak, herriko argiteria ikuskatzeko lanetan. Argazkia: Bermeoko Udala

Udaleko ordezkariak, herriko argiteria ikuskatzeko lanetan. Argazkia: Bermeoko Udala

Modu horretara, herriko argiteriaren egungo egoera zein den ezagutu eta hobetu beharrekoak zeintzuk diren aztertzeko lanetan ibili ziren. Azaldu dutenez, udalaren helburua “herrian puntu ilunik ez egotea” da, era horretara “guztion segurtasuna bermatzeko helburuagaz”.

“Herritarren eskaerak kontuan hartuta, San Andres, Tala, Erreten, Zarragoitxi eta beste kale batzuk ikuskatu ditugu eta ditugun ahultasunei erantzuteko irtenbideak aztertu dira. Tokian bertan teknikoekin batera hartu beharreko neurriak baloratu ditugu eta epe laburrean neurriak hartuko ditugu, ahultasun guztiak ahalik eta arinen konpontzeko helburuarekin”, argitu dute Bidegurenek eta Ibarrolazak.

Alkateordearen berbetan, argiteri berriagaz “Bermeon erabiliko den energia guztia energia berdea izango da”. Erabiliko duten argindarraren zenbateko guztia “iturri berriztagarrietatik eta eraginkortasun handiko kogeneraziokoetatik ateratakoa izango dela” gaineratu du. Ez hori bakarrik, modu horretara, “instalazioen eraginkortasun handiari esker” energiaren %63a aurreztuko dute.

“Herriko luminarien %70 LED motakoak izango dira; LED horien argi-tonua Urdaibaiko Biosferaren Erreserba babestekoa modukoa izango da eta gure ikusmena ez da horrenbeste nekatuko”, zehaztu du Ibarrolazak.

Energia berdeagaz batera, “argi-kutsadura ezabatzea” lortuko du udalak: “FHSa gutxituko denez, gauez zerua hobeto ikusi ahal izango dugu”. Horrez gain, instalazioak berrituko dituztela azaldu dute, era horretara egon ahal diren arazoak gutxituz, eta arazoren bat dagoenean, erantzun azkarragoa eskaini ahalko dute.

“Gure herriak energiaren eta argindarraren politika berdeagoaren aldeko apustua berretsiko du eta, aldi berean, ahultasunak zuzenduko ditugu”, esanez bukatu du Ibarrolazak.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend