Garbigune mugikorrak jarriko dituzte azaroan Bizkaiko zenbait udalerritan

Garbikerrek metalezko edukiontzi garraiagarriak jarriko ditu Bizkaiko udalerrien eskura. Hain zuzen, proiektuan interesatuta dauden herriek eskaria egin behar dute, eta herri bakoitzean epe jakin batez egongo dira Garbigune mugikorrak. Zerbitzua berritu eta eguneratzeko zereginean hartu dute aipatu erabakia.

Azaldu dutenez, herriguneetan jarriko dute Garbigune mugikorra, eta erabilera egokia bermatu asmoz, informazio-oholak jarriko dituzte edukiontziaren alboan. Edukiontzi bakarra izan arren, zatituta egongo da hondakin moten arabera. Astebete lehenago jakinaraziko dute, herritarrek hondakinak batu edota pilatzeko astia izan dezaten. Biztanleri kopuruaren araberako epean egongo dira udalerri bakoitzean; gehienez astebeteko epea jarri dute.

Digitalizazioa. Bizkaiko Foru Aldundia hainbat hobekuntza egiten ari da zerbitzu honetan, eta Garbigune mugikorrak ezartzeagaz batera, beste zenbait neurri hartu ditu. Berrikuntzetako bat da zerbitzuaren digitalizazioa. Urte hasieran, bost puntutan abiatu zuten proba pilotua, eta orain sare guztira hedatuko dute. Horrela, jasotako datuez baliatuta, erabiltzaileen eskari eta beharrizanetara egokitu gura dute zerbitzua bera eta bere funtzionamenduaren araudia. Langileek gailu mugikor baten bidez hainbat datu jasotzen dituzte; zenbat erabiltzaile dauden egunero, zenbat hondakin hartzen dituzten, hondakin motak zeintzuk diren, erabiltzaileek zernolako iradokizunak egiten dituzten eta beste hainbat informazioa biltzen dituzte.

Bestalde, jakitera eman dutenez datozen bi urteetan mantemimendu plan bat, eta garraiorako bi kamioi berri erosteko inbertsioa egingo dute.

Ordutegi zabalagoa. Halaber, bederatzi Garbigune nagusi finkatu ditu, eta horietan asteko egun guztietan bermatu du zerbitzua. Ordutegia luzatu dute eta ohiko Garbiguneetan baino hondakin gehiago hartzeko egokitu dituzte. Aipatu bederatzien artean dago Gernika-Lumoko Garbigunea. Astelehenetik domekara eskaintzen dute zerbitzua (jaiegunetan itxita daude). Astelehenetik zapatura 09:00-13:00 eta 15:30-18:00 artean ematen dute arreta zerbitzua, eta domeketan, berriz, 09:00etan hasi eta 15:30ak arte. Garbigunea

Esan moduan, ohikoak ez diren hondakinak uzteko aukera eskaintzen dute. Esaterako, hondakin arriskutsuak deritzenak jasotzen dituzte: etxeko tresna metalikoak (zartaginak, lapikoak, olio iragazkiak…) produktu fotokimikoak (erradiografiak, pelikula eta papel fotografikoak, aguarras sintetikoa, egur-babesleak, aerosolak… ) eta erabilpen berri bat emateko moduan dauden objektu eta tresneriak ( altzairuak, etxetresna elektrikoak, aparatu elektroniko edo elektriko txikiak, liburuak…)

Gernika-Lumokoagaz batera, Markina-Xemeingoa, Barakaldokoa, Basaurikoa, Durangokoa, Erandiokoa, Getxokoa, Güeñesekoa eta Igorrekoa dira aipatu Garbigune nagusiak.

Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak azaldu duenez, Garbiguneei buruzko hausnarketze prozesuaren ondorio dira aipatu erabaki eta neurriak. “Analisi horren ondorio gisa, Garbiguneetan ematen den zerbitzua hobetzea helburu duten zenbait neurri ezartzea erabaki dugu. Horrela, zerbitzua herritarrengana hurbiltzen eta egungo baldintzei egokitzen lagunduko digute”.

2017ko datuak. Garbiguneen iazko erabileraren balantzea egin dute. 2017an Bizkaiko garbiguneetan 26.631 tona hondakin kudeatu zituzten (2016ko datuagaz alderatuta, %1,45 gehiago). Bildutako gehienak obra-hondakinak (%41) eta egurra (%24) izan dira.

Busturialdeko Garbiguneei dagokienez, Bermeon 657.099 kilo bildu zituzten eta 8.376 erabiltzaile izan zituen. Gernika-Lumokoan 509.506 kg eta 6.043 erabiltzaile zenbatu zituzten, eta Gautegiz-Arteagakoan, 190.439 kg eta 2.124 erabiltzaile.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend