Bigarren sailkatu da Julen Ibarguengoitia laugarren kanporaketan
Plentziako Jai Alai frontoian jokatu zuten domekan Bizkaiko Bertsolaritza Txapelketaren laugarren kanporaketa. Sei lagun aritu ziren bertsotan, eta denetan onena Aitor Bizkarra Ruiz abadiñarra izan zen. Julen Ibarguengoitia Ordorika gernikarra ere igo...
Frontoi kanpoan hotz egin arren, 300 bertsozaleren aurrean kantatzen aritu ziren sei bertsolariek jakin zuten frontoi barruko giroa berotzen. Zihara Enbeita Gardokik jarritako gaiei buruz aritu ziren eguneko sei protagonistak, bakoitza berea eta bere erara. Eta ariketa guztiak eginda jakin zituzten puntuazioak. Aitor Bizkarra Ruizek lortu zituen puntu gehien: 461,5 hain justu. Eta horrek finalaurrekoetarako txartela eman zion: azaroaren 18an, beraz, Berrizen izango da abadiñarra.
Gernikarra, aldiz, 440,5 puntu lortu ostean sailkatu zen Bizkarraren atzetik eta Gorka Pagonabarraga Agorriaren aurretik azken horrek 433 puntu eskuratu zituen. Hala ere, puntu kopuru beragaz bukatu zuen saioa sailkapeneko laugarren postuan kokatu zen Peru Vidal Gurrutxagak. Bosgarren eta seigarren postuetan, azkenik, Peio Ormazabal Villanueva eta Arkaitz Zipitria Mendizabal sailkatu ziren, 421,5 eta 365,5 puntugaz, hurrenez hurren.
Ibarguengoitiak saioa bigarren postuan bukatu bazuen ere, Hamarreko txikian puntuazio onena lortu zuen: 108 puntu saioaren irabazleak, esaterako, 99 puntu egin zituen.
Azken saioa, Berriatuan
Laugarren saioa igarota, bosgarren eta azken kanporaketa jokatuko dute bertsolariek domekan. 17:00etan hasiko dute saioa Berriatuko Mendibarren frontoian. Eta aurreko saioetan legez, orduan ere ariko dira kantuan Lea-Artibai eta Busturialdeko bertsolariak. Gernika-Lumotik joango da, esaterako, Ibai Amillategi Omaetxebarria, eta Josune Aramendi Perez eta Lander Ibarluzea Bikandi Aitxulua markina-xemeindarrak eta etxebarritarrak ere parte hartuko dute. Seikotea, honako beste hiru lagunek ere osatuko dute: Asier Alcedo Canok (Portugalete), Itxaso Paia Ruizek (Algorta) eta Oihana Bartra Arenasek (Bilbo). Gai jartzaile lanetan, ostera, Idoia Anzorandia Kareaga ariko da.