Azalien, herriko artisten lanaren erakuslehioa

Forma, itxura, ideia eta kolore desberdinak ditu arteak. Eta era askotara agertu dezakete artistek gai bati buruzko beraien ikuspuntua; dela margotuta, eskultura bategaz edo poesia errezitaldiak emanda. Hala, herriko artisten lana ezagutzeko aukera izan dute asteburuan Bermeon.

erakusketa azalien

Argazkia: Bermeoko Udala

Azalien asteburu kulturalak herriko artisten lanak plazaratzeko aukera eman du. Horrela, herriko artistek erotismoari buruzko lanekin bete dute kofradi zaharra, gaiari buruzko beraien ikuspuntuak landuz. Erotismoa eta zinema, erotismoa eta poesia edota erotismoa eta margolanak ikusi ahal izan dituzte bertaratutakoek, eta herritarren harreragaz “oso pozik” geratu dira Barrueta Arte Elkarteko kideak. Erakusketaz gain, zinema, poesia eta dantza ekitaldiak egin dituzte. “Gauza asko egon dira asteburuan, eta bizitasunez bete dugu kofradi zaharra”, esan du elkarteko presidenteak.

Barrueta Arte Elkarteko kideek antolatu dute ekimena, eta eguraldi txarragaz jende gutxiago hurbilduko zela pentsatu arren, herritarren erantzunagaz “oso pozik” geratu dira. Gutxi gorabehera, kofradi zaharreko erakusketara 3.200 lagun inguru hurbildu direla aitortu dute antolatzaileek, “iaz baino jende gehiago”.

Asko izan dira erakusketatik pasatu direnak, baina baita erakusketa beraien lanagaz bete duten artistak ere. “Bigarren urtez egin dugu ekimena, eta pozik gaude emaitzagaz. Gainera, gero eta gehiago dira beraien lanak jartzera animatzen diren artistak”, azaldu du elkarteko presidenteak. Artistak ere pozik geratu direla gehitu du, eta hori dela garrantzitsuena esan du: “Beraien lana balorean jarri eta herritarrei zabaldu diete artistek”.

Aurrera begira. Lortutakoa ikusita aurrera jarraitzea erabaki dute elkarteko kideek. Aurten, erotismoa jorratu dute artistek, baina hurrengo urterako beste gai bat jarriko dutela zehaztu du presidenteak: “Beste gai bat landu nahi dugu, urte bakoitza desberdina izatea lortu gura dugu”.

erakusketako obrak

Argazkia: Bermeoko Udala

Artisten lana kaleratzen du Azalien asteburu kulturalak, baina oraindik ezezagunak diren artistak ere badaudela uste du elkarteko presidenteak: “Batez ere jende gaztearen ideiak eta mugimenduak jorratu nahi ditugu hurrengoetan. Aurten jende berria hurbildu da, eta hurrengo urteetan ere hala izatea nahi dugu”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend