Arrain kontserben industriako hitzarmena “blokeatuta” dagoela salatu dute

Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen industriako hitzarmenaren negoziaketa bloketatuta dagoela salatu dute sektoreko langileen ordezkariek eta sindikatuek. Ordezkariek deituta, Bermeoko kontserba industriako langileak herriko lantegien aurrean batu dira lan baldintza hobeen alde egiteko. Salatu dutenez, patronalaren aldetik hitzarmena gelditurik dago, eta ez du aurrera egin azken hilabeteetan.

Pili Urizar langileen ordezkariak adierazi duenez, “negoziaketa mahaia dagoeneko hamazazpi aldiz bildu da azken hamaika hilabeteetan zehar”. Hitzarmena lortzeko saiakerek aurrera egiten ez dutela ikusita, egoeraren azterketa egiteko unea iritsi dela azaldu dute.

Negoziaketa mahaian ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuak batu izan dira, CEBEK eta NORPRESCO patronalekin hitzarmena negoziatzeko. Negoziaketak aurrera ez doazela ikusita, lan baldintza hobeengatik “borrokatzea besterik ez dela geratzen” azaldu du Urizarrek. “Hitzarmen zaharra sinatu aurretik zortzi urte luzez ibili ginen borrokan. Kostata, baina hitzarmena aurrera atera genuen”. 2016. urteko ekainean lortu zuten hitzarmen zaharra sinatzea.

Sektoreko langileak Bermeoko lantegien aurrean batu dira protesta egiteko.

Sektoreko langileak Bermeoko lantegien aurrean batu dira protesta egiteko.

Hitzarmen hori berriztatzeko unea iritsi dela aldarrikatzen dute kontserba enpresetako langileek, beraien lan baldintzak hobetu eta duintasun jauzi bat emateko asmoagaz. Azaldu dutenez, patronaleko ordezkarien berbetan, “ezin dituzte langileen soldatak igo eta ezin diete ezer gehiago eskaini, dirurik ez dagoelako”. Hala ere, langileen ustetan, “azken urteetan kontserba eta gazituen enpresek irabazi oso onak eduki dituzte”, eta ez dute ulertzen soldata hobeak ukatzearen zergatia.

Sektoreko hainbat enpresa “komunikabideetan hainbatetan azaltzen direla” nabarmendu nahi izan dute: “arrain azoketan, kirol ekitaldietan, eta bestelakoetan ikusi daitezke”. Aldarrikatu dutenez, iragarki horiek ikustea langileen lanaren emaitzekin bakarrik lortu daitezke, eta hori nabarmentzea nahi dute.

“Aberasten ari dira, badakigu enpresariak zapatekin ibiltzeko gu alpargatekin aritu behar garela, baina ezin dena izan da beraiek zapatak jantzita gu oinutsik ibili behar izatea. Beraz, lantegien irabaziak langileen artean hobeto banatzea eskatzen dugu, denek ikusteko lantegietako lanak soldata duinak dituela, eta sektore honetan ari diren langileek bizimodu duin bat ere lortu ahal duela”.

Argitu dutenez, langileei eta herritarrei enpresen irabazien berri eman nahi diete. Horrela, “emakumeei, beraien langileei, irabazi horien zati bat banatzeko” eskatzen diete enpresaburuei. Hori argi uztea garrantzi handikoa dela uste dute, “bai langileen artean eta bai patronalaren artean”.

Aintzane Larrabaster Salica enpresako komiteko delegatu eta LABeko ordezkariaren berbetan, “ez da egon aldaketa askorik azken hilabeteetan izandako negoziaketetan”. Azaldu duenez, hitzarmen zaharrak eskainitako onurak edukitzen jarraitzen dute, baina aldi berean ez dute beste onurarik irabazi.

Soldata duinak. “Soldata duinak lortu eta Kontsumorako Prezioen Indize hobea lortzea eskatzen dugu”, dio Larrabasterrek. “Betidanik, enpresa hauetan lanean ari garen emakumeen soldatak etxera laguntza bezala eramateko soldata bezala hartu izan dira. Eta hori ez da horrela izan behar. Emakumeak independenteak gara, gure soldatekin gure bizimodua aurrera ateratzea posible izatea nahi dugu. Hori lortzeko, soldata horiek eguneratu egin behar dira”.

Larrabasterrek zehaztu duenez, arrain kontserba industriako enpresen langileriaren %80a emakumez osatuta dago. “Lanbide hau betidanik izan da emakumeena eta orokorrean gure egoera prekarioa da arrazoi horrengatik. Gizonezkoen lanbidea izango balitz ziur asko soldata hobeak egongo lirateke eta gai hauek beste era batera hitzartuko lirateke”.

Behin-behineko kontratuen aurka ere azaldu dira ordezkariak. “Bermeon lantegi hauetan lan egiteko kualifikatuta eta prest dagoen jende gazte ugari dago, baina ez daukate kontratu iraunkorrik, kanpora botatzen dituzte. Gure ustez, prestakuntza duten langileek kontratu iraunkorrak izan beharko lituzkete”.

Urizarren arabera, hori “aldatu beharra dago”. Jende berria datorrela azaldu du, “jende gaztea”, eta horien alde egin beharra aldarrikatu du: “beraientzat lan baldintza hobeak lortzea gure eskuetan dago, hori da gure lana”.

Bermeotik Lea-Artibaira. Langileen ordezkariek jakitera eman dutenez, Lea-Artibaiko Arrain Kontserba industriaren enpresetako langileengana ere joko dute, hitzarmena ze egoeratan dagoen azaltzeko. Horrela, datorren azaroaren 6an Markina-Xemeinetik hasita Ondarroara arte joango direla adierazi dute. Horrez gain, CEBEK patronalaren aurrera joateko asmoa ere dutela argitu dute, datorren hilaren bukaeran.

“Beraien laguntzagaz batera gauzak aurrera ateratzea bilatu nahi dugu, bada sasoia eta langileok ere irabaziak ikusteko” azaldu dute. “Hitzarmenak aurrera egiteko unea iritsi da, ezin da jesarri eta betiko gauza berberak sinatu. Honaino heldu gara”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend