Foruko landa bideen inbentarioa osatu du udalak

Foruko udalbatzak urrian egindako azken osoko bilkuran herriko landa bide guztien inbentarioa osatzeko onarpena eman dute. Udalak adierazi duenez, bide zahar horiek identifikatzeko eta ezagutzeko dokumentazio lana egin dute.

Udalak nabarmendu duenez, «inbentarioa burutu ahal izateko ezinbestekoa izan da herritarren parte hartzea». Horretarako, datuak eta lekukotasunak batzeko «lan handia» egin dutela azpimarratu dute. Inbentarioa lantzeko enpresa arduraduna laguntzeko prest zeuden herritarrekin harremanetan jarri dela azaldu du udalak; ondoren, banan-banan geratu da haiekin, balio handiko datuak bildu ahal izateko.

Foruko landa bideen lehenengo inbentarioagaz, ibilgailu zein oinezkoentzako herriko bide nagusiak, zolatu gabeko bideak, antzinako gurdibideak, bidezidorrak edota bidexkak identifikatu eta dokumentatu dituzte. Nekazal bideei dagokionez, Sendo SL enpresari esleitu dio udalak Domeinu Publikoko Ondasunen Inbentarioa .

Jane Eyre Urkieta Foruko Alkateak adierazi duenez, inbentarioa jabegotasun, eskubide eta ordenantzen erreferentea izatea nahi du udalak. Antzinako landa bideak «Foruko historiaren parte» direla azpimarratu du, eta horien memoria berreskuratzeko lana egitea garrantzitsua dela azaldu du. Dokumentuan bildutako informazioagaz, «herriko etorkizunerako planifikaziorako ezinbestekoak» diren datuak eskuratu dituzte.

Alegazioentzako epea

Dokumentuaren hasierako onarpenaren ondoren, kontsultarako eta alegazioak aurkezteko bi hilabeteko epea zabalduko dute, era horretara interesatuek beraien zalantzak argitu edota alegazioak aurkeztu ahal izateko. «Bi hilabete hauetan udaletxera hurbiltzera animatzen ditugu herritar guztiak, hemen dokumentazioa ikuskatu ahal izateko», azaldu du alkateak.

Alegazio horien ebazpena enpresa eta udalbatzaren artean adostuko da, «behar bezalako aholkularitza juridikoagaz». Ebazpenak herritarrei komunikatu ondoren, dokumentuaren behin-betiko onarpena egingo dutela adierazi du.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend