Birziklapena bultzatzeko ‘Birziklapenean jaioak gara’ kanpaina heldu da Gernika-Lumora

Birziklapenean jaioak gara kanpaina iritsi da Gernika-Lumora, eta bihar arte ikusi ahalko da Pasealekuan kanpainaren erakusketa. Goizean 9:30etik 14:00etara egongo da zabalik, eta arratsaldean, berriz, 16:30etik 19:00etara.

Hondakinei buruzko Europako helburuei susperraldia emateko Ecoembesek Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz antolatutako ekimena da hau. 2030. urterako Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen diren hondakinen %10 murriztea da Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako helburu nagusia. Era berean, ontzien %60 birziklatzera heldu gura dute arduradunek, bai eta ontzi horien %70 birziklatzera iritsi ere.

erakusketa lekua

Biziklatzeko erakusketa

Herritarrak sentsibilizatu eta ekonomia zirkularreko prozesuetan herritarren parte hartzea suspertu gura du kanpainak. Hala, herritarrek sortzen dituzten hondakinen birziklapen “handiagoa eta hobeagoa” bultzatu gura dute; alegia, “kontsumo arduratsuaren alde egin”.

Kanpainaren erakusketa hiru eremutan dago banatuta: erakusketa gunea, toki ludikoa eta kanpoko jarduerara bideratutako lekua. Birziklatzeko zer egin daitekeen eta zein den hori egiteko modu egokiena azaltzeaz arduratzen dira gune horietan. “Modu dinamikoan birziklatzea erraza dela ikustarazi nahi dugu, jokoen eta galderen bitartez herritarren ohiturak birziklatzearen alde aldatu gura ditugu”, aitortu du erakusketako arduradunak. Birziklatzearen prozesua modu errazean azaltzen dute bertan, eta hurbiltzen diren herritarrak hiru guneetatik pasatuko direla aurreratu dute; izan ere, hiru prozesuetan parte hartzea “oso garrantzitsua” da.

Maria Uribe Gernika-Lumoko Ingurumenerako zinegotziak erakusketa bisitatu du gaur eguerdian, eta birziklatzearen garrantzia azpimarratu du bertan. “Herritarren kolaborazioa beharrezkoa da birziklatze tasak igotzeko. Udalerrian oso zenbaki onak ditugu, baina ingurumena zaintzen jarraitu behar dugu, eta zaborra birziklatzea beharrezkoa da”, adierazi du zinegotziak.

Datuak eman ditu zinegotziak, izan ere, 2016tik 2017ra bitartean udalerriko birziklatze tasa igo zela gogorarazi du; 470.832 kilotatik 527.329 kiloetara igo zen birziklatze tasa. Oro har, azken urteetan Gernika-Lumoko herritarrek birziklatzeren alde egin dutela esan du zinegotziak, 2016tik hona %7 gehiago birziklatu delako herrian. Kartoi eta paper hondakinei dagokienez ere, 2017. urtean 702.706 kilo bildu ziren herrian, 2016. urtean baino 223.000 kilo gehiago.

Era berean, Urriko Azken Astelehena berton dagoela ikusita, Gernika-Lumoko Udalak eta Ecovidriok, 45 lokaletan bilketarako “atez ateko”  berezia jarri dute martxan, iaz egin legez. “Vacri” motatako 13 edukiontzi jarriko dira erdigunean eta 9 txosnei gurpildun ontziak emango zaizkie, beiraren bilketa eta birziklatzea errazteko. Iaz 17.000 kilo jaso ziren –9.000 igandean eta 8000 asteartean–.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend