Okamikak minutu 1 eta 7 segundoko aldeagaz irabazi du kirol erronka
Ander Okamikak 4.52ko denboran burutu du ibilbidea, eta Santi Telleria 5.59ko denboran helmugaratu da 'Eztai' zaldiagaz. Zaldia behera etorri da azken kilometroanAnder Okamikak ez zuen aurkaririk eduki Mendexan zapatuan egin zen kirol desafioan. 2-3 se...
Ander Okamikak 4.52ko denboran burutu du ibilbidea, eta Santi Telleria 5.59ko denboran helmugaratu da ‘Eztai’ zaldiagaz. Zaldia behera etorri da azken kilometroan
Ander Okamikak ez zuen aurkaririk eduki Mendexan zapatuan egin zen kirol desafioan. 2-3 segundoren barruan espero zituzten helmugan Okamika aurtengo jaietako kronoigoera irabazlea eta Santi Telleria orain lau urteko zaldi lasterketaren irabazlea, baina minutu 1 eta 7 segundogatik irabazi zuen azkenean Lekeitioko triatletak (4.52).17:40an hasi zen desafioa. Zaldia azkarragoa izanik, Okamikak kilometro bateko abantaila eduki zuen, eta guztira 2 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuen. Lerdeneneko etxe paretik atera zen, eta Karraspiotik Telleria, Eztai zaldiagaz.
Okamika marmoleria paretik pasatu zenean, Telleria Salbaje gainean zihoan. 1,42ko aldea zeraman txirrindulariak, zaldia Lerdeneneko etxe parera heldu zenean. Ezberdintasuna txikitzen joan arren (1.14ko erreferentzia eman zuten Kurtzioko errepidean), zaldiak erritmoa jaitsi zuen azken kilometroan, eta ezin izan zuen bere onena eman. 5.59ko denboran ailegatu zen.
Emaitzak emaitz, txalo eta animo artean hartu zituzten Mendexan bildutakoek desafioko hiru parte hartzaileak. Zorionez bete zuten Okamika, txiki zen nagusiek, beragaz argazkiak atera bitartean. Amaieran, pozik zegoen irabazlea: «Ondo nago, ondo sufrituta, baina ondo. Pasa den astean amaitu nuen denboraldia, eta hori aprobetxatuta aste honetan desafioa prestatzea pentsatu genuen. Ondo irten zait, eta pozik». Telleriak bazeukan pena apur bat desafioaren nondik norakoak ikusita: «Zaldia katarroagaz ibili da azken egunetan, eta antibiotikoak hartzen egon da, eta behera etorri da kilometro baten faltan. Probetan 4.58 egin zituen bizikletak eta 4.57 zaldiak, eta gaur bost bat segundotan marka hori hobetzea espero nuen, baina ezin». Lehen erronka zuen lasartearrak, eta aurrerago ere besteren bat egiteko prest agertu da.