Ligako hirugarren jardunaldia lehiatu dute asteburuan, baina, Gernika-Lumoko taldearentzat denboraldiko etxeko lehen partidua izan da.
Hain zuzen, lehen jardunaldia Urbietan lehiatu behar izan zuten
Ordiziaren kontra, irailaren 30ean, baina, atzeratu egin zuten. Ondorioz,
lehen jardunaldia azaroaren 4an (domeka) jokatuko dute.
Etxeko lehen partiduan
25-45 galdu zuen
Avia Eibar Rugbyren kontra. Etxeko taldeak hamabi jokalarigaz lehiatu zuen. Irabazi ez arren, partidua ondo egon zela zehaztu dute jokalariek. “Eibar aurkari indartsua da, eta ondo jokatu genuen. Lesionatu asko izan ditugu, eta ondorioz, ezin izan genuen hamabost jokalarik jokatu. Uste dut hamabostegaz jokatuz gero, bestelako emaitza lortuko genukeela”, azaldu du Maite Bilbao jokalariak.
Denboraldiko lehen partidu honetan pila bat jende egon zela adierazi du, eta bertaratu ziren guztiei eskerrak eman dizkie: “Aurretik mutilen bigarren taldeak jokatu zuen, eta agian, horrek ere zerikusia izango zuen. Asko animatu ziguten, eta eskertzekoa da; harmailetatik jendea animatzen ikusteak asko motibatzen gaitu”.
Atsedenaldira 12-20ko markagailuagaz heldu ziren. Bilbaok zehaztu duenez, partidu amaierara nekatuta heldu ziren. “Eibarrek aldaketa asko egin ahal izan zituen, guk, ordea, ez. Azken hamabost minutuetan bi entsegu egin zizkiguten, eta horrek partidua apurtu zigun”. Hala ere, aurretik uste baino hobeto jokatu zutela-eta, pozik daude basurdeak. Nahia Goirienak bi entsegu egin zituen, eta Batirtzek eta Itxaso Nizak bana; lau horietatik bi transformatu zituen Batirtzek.
Argazkia: Aitor Lauzirika.
Aurreko astean Logroñon lehiatu zuten bigarren jardunaldia,
RC Rioja 12 taldearen kontra. Lehen partidua izanda, eta taldean jokalari berri asko daudela kontuan hartuta, “partidu eskasa” izan zela dio Bilbaok. Azken unean entsegua eginda nagusitu ziren errioxarrak, 34-29-ko emaitzagaz. “Baina, gutxinaka taldea osatzen ari gara, eta elkar ezagutzen. Aurreko partiduagaz konparatuta, aste honetan aldaketa handia nabaritu dugu. Jokalari berri asko egoteak, eta lesionatutako asko beteranoak izatea eragin digu. Gainera, entrenatzaile berria daukagu, eta egokitzen ari gara”. Javier Iruskietagaz ari dira entrenatzen.
Asteburu honetan, Getxon. Laugarren jardunaldian Getxo RTren zelaia bisitatuko du talde gernikarrak. Zapatuan, 18:30ean jokatuko dute. “Espero dugu hamabost jokalarik jokatu ahal izatea. Getxo ere talde indartsua da, eta partidu gogorra izango da. Ea jendea animatzera hurbiltzen den”.