‘Agenda Ezkutua’ filmagaz hasiko dute bihar Astra Zinema Paradiso
Agenda Ezkutua filma proiektatuta hasiko du bihar seigarren denboraldia Astra Zinema Paradisok. 19:00etan Astra Kulturarako Fabrika Sozialean emango dute ikus-entzunezkoa, eta ondoren, eztabaidarako tarte zabala egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Ken Loach zinema zuzendariak egindako film esanguratsuenetariko bat aukeratu dute seigarren denboraldiaren lehen emanaldirako. Hidden Agenda edo Agenda Ezkutua bezala ezagutzen da Loacheren filma.
Hilketak, torturak eta korrupzioa lantzen ditu Irlandan kokatutako ikus-entzunezkoak. Paul Sullivan eta Ingrid Jessner abokatu estatubatuarrak dira protagonistak, eta IRAko presoek kartzeletan bizi duten egoera dute aztergai. Hala, presoen giza eskubideak zeintzuk diren eta errespetatzen diren edo ez aztertzeaz arduratzen dira.
Eztabaidarako tartea. Proiektatutako filmak lantzen dituen gaiak aztertuko dituzte eztabaidarako tartean; ikus-entzunezkoak “zer esana” daukala aurreratu dute-eta.
Eztabaidarako tarte zabala sortzeko asmoz, parte hartzeko gonbidapena egin diete antolatzaileek herritarrei.