Josu Goikoetxea: “Poemak menderatzen saiatu arren, eurek menderatu ninduten ni”

'Zer luzea negu hau’ poema liburua kaleratu berri du idazle gernikarrak. Bere lehenengo lan horrek bere bizitzako momentu desberdinetan idatzitako 50 poema jasotzen ditu.

Letren eta hitzen munduagaz lotura zuzena eduki du Josu Goikoetxeak gaztetatik. Urte askotan, bertsolariekin batera, gai jartzaile lanetan aritu da plazetan. Aurten, gai jartzaile lana uztea erabaki, eta hala egin du; abuztuan izan zuen azken saioa Gernika-Lumon. Hilabete honetan, baina, Zer luzea negu hau poema liburua aurkeztu du.

Gai jartzaile lanetan aritu ondoren, poema liburua idatzi duzu, zelan sortu zitzaizun aukera hori?

Orain urte batzuetatik Twitterren ibili naiz poema batzuk idazten, eta iazko udazkenean Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak zerbait egiteko proposamena egin zidan. Etxean, 30 poema inguru eduki nituen gordeta, baina ez neukala liburu bat sortzeko beste material esan nion, eta udaberrira arteko epea eman zidan, beste liburu erdi bat idazteko. Hori erakutsita eta idatzitakoa moldatuta sortu zen Zer luzea negu hau.

Liburua irakurtzen dutenek, orduan, garai desberdinetako poemak irakurriko dituzte?

Bai. Nahasita ageri dira liburuan. Zaharrenak hasierako atalean aurki daitezkeela esango nuke, eta berrienak, berriz, azken ataletan.

Josu Goikoetxea

Poema liburua egiteak sormen lan handia eskatzen du.
Lanketa handia behar da. Ezer argitaratzeko asmorik izan ezean, behar duzunean edo gogoa daukazunean idazten duzu  etxean lasai, inolako presio barik. Baina konpromiso edo betebehar bat edukita, ez da hain erraz idazten. Iaz, neguan idatzi behar izan nuen liburu erdia, eta oso negu luzea, hotza eta euritsua izan zen niretzat. Hortik dator liburuaren izenburua. Azken poemaren izena ere bada. Otsailean idatzitako poema da, negua luze zihoala sortutakoa. Neguan koadernoagaz ibiltzen nintzen, gainean neraman momentuoro, eta ideak bururatzerakoan momentuan bertan idazten nituen. Bilbon zein Gernika-Lumon egonda idatzi dut, edozein momentu horretarako aprobetxatuta. Liburuan ez da Gernika-Lumo agertzen, baina bertan ere idatzi dut.

Zer aurki dezake irakurleak? Zein gai jorratzen ditu?

Denetariko gaiak lantzen dira. Egia da, izenburua oso adierazgarria dela, eta gaiak mugatzen dituela. Iazko udazkenean, gure aita hil zen, eta doluzko negua izan zen niretzat. Horregatik, negu antza daukaten beste gaiak biltzen ditu liburuak: kezkak, helduaroa, guraso izatearen ardura, pertsonen arteko harremanak… Ez dut esango liburua poema ilunez beteta dagoela, baina ez dago umorerako tarte handirik bertan. Ez dakit zorionez edo zoritxarrez. Hala ere, gai asko jorratzen ditu liburuak. Landutako poema asko narratiboak dira, eta gizarteak baztertutakoei buruzko istorioak ere aurki daitezke. Bai eta mozkor eta zororen batenak ere. Bestelako poema alaiagoentzako ere badago tokia. Hala ere, izenburuak berak ondo adierazten du irakurleak aurki dezakeena. Ildo nagusia negua da, baina negutik ateratzeko gogoa ere nabaritzen da.

Zenbat poemek osatzen dute liburua?

50 poema biltzen ditu liburuak. Ez dira oso luzeak; gehienek orrialde bateko luzera daukatelako gehienez. Hala ere, badaude bi orrialdeko luzera daukaten istorioak.

Zein estilotan daude idatzita?
Poema gehienak bertso librean idatzitakoak dira. Badago atalen bat, hala ere, errima estuko koplak lantzen dituena. Errima estukoak lantzerakoan, gaiak nik aukeratu beharrean, neurriek eraman ninduen gaietara. Oso neurri zorrotzekoak dira, eta poemak menderatzen saiatu arren, azkenean, eurek menderatu ninduten ni. Nahikoa gustura geratu naiz horiekin. Oso hitz gutxikoak dira, deskriptiboak. Poemei erritmo bat ezartzen saiatu naiz, irakurleak gozo irakurri ditzan, baina ez dakit lortu dudan. Gauza bat da norberak uste duena, pentsatzen duena eta irakurtzen duena, eta beste bat irakurleek zelan irakurriko duten eta ondo hartuko duten ikustea.

“Neguaren antza duten gaiak biltzen ditu liburuak: kezkak, ardurak, harremanak”

Beti egon zara errimen munduagaz lotuta, eta poema liburua argitaratu duzu oraintsu. Bertsogintzan gai jartzaile lanean aritu zara. Bertsoetako sormen elementuek lagundu dizute liburua idazterakoan?
Sorkuntzaren garrantziaz bertsolaritzari esker jabetu nintzen orain urte batzuk. Liburuan hori barneratzea lortu dudala uste dut. Gai jartzaile moduan, bertsolariaren tokian jartzen zara, eta liburua idazterakoan, pertsonaien tokian ere ipini naiz. Liburuan ahalegin hori antzeman daitekela uste dut. Gai jartzaile izatetik jaso dut-eta ikasketa. Badaude oso biografikoak diren poema batzuk, eta jendeak denak direla autobiografikoak pentsatzen du. Baina ez da horrela. Idazlea ni izan arren, eta poema  batzuk nire bizipenetan oinarrituta egon arren, badago pertsonaia den Josu Goikoetxea aurkitzerik ere. Ez naiz ni poema guztietan. Jendeari heltzen saiatu naiz, eta nire poemak jendeari baliagarriak egitea espero dut, beraien tokian jarri naizelako.

Zelako esperientzia izan da liburua jendaurrean aurkeztea?

Aurkezpen bi egin ditut soilik, eta beldur handia eduki dut. Jendeaurrean egoten jakin arren, liburua aurkeztea oso pertsonala da, eta bertigo handia ematen du. Bai eta poema liburua argitaratzeak ere. Ez nago ohituta, baina ikasiko dut.

Egindako lanagaz gustura geratu zara?

Oso gustura nago. Oso barneratuta dauzkat poemak jada, hainbeste aldiz errepasatu, moldatu eta irakurri egin ditudalako. Horregatik, egia da, objektibitate apur bat izan badut, galduta daukadala dagoeneko. Orain jendearen iritziak jaso nahi ditut, eta hortik ikasi. Lehenengo liburua da, dena daukat ikasteko, jakiteko. Orain poema kanporatu behar dut, eta gero hausnartu. Hurrengo liburu bat baldin badator, hobeto egiteko.

Gai jartzaile ibili zara urteetan. Abuztuan, baina, uzteko erabakia hartu, eta hala egin duzu.

Gernika-Lumoko jaietako San Roke egunean izan zen nire azken saioa. Oso saio kutsuna izan da jaietakoa niretzat, plaza ederra. Aldez aurretik hartutako erabakia izan zen San Roke egunean uztea.

Zergatik hartu zenuen erabaki hori?

25 urtetan plazaz plaza ibili eta gero, nekea nabaritzen hasi nintzen, eta beldurrak ere handiagoak izan dira azken urteetan. Txarto egiteko gogo gutxiago daukat. Leku batetik bestera ibili eta 500 lagunen aurrean lan txarra egiteko beldur gero eta handiagoa izan dut. Urte horietan izadako onurak oso handiak izan dira, oso esperientzia ederra izan da niretzat, baina gero eta tentsio gutxiago nabaritzen nuen saioetan. Hala, akordu onekin uzteko garaia zela pentsatu nuen, plaza eder batean. Orain, entzule moduan, gehiago gozatzen ditut saioak

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend