'Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatua' liburua itzuli du Carmen Gisasolak
Markina-xemeindarrak aurretik beste hogei hizkuntzatara itzulitako liburua euskarara ekarri du. Eleberriak Nojud Ali neska gazte yemendarraren bizipenak kontatzen dituCarmen Gisasola markina-xemeindarrak Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatua liburua (Er...
Markina-xemeindarrak aurretik beste hogei hizkuntzatara itzulitako liburua euskarara ekarri du. Eleberriak Nojud Ali neska gazte yemendarraren bizipenak kontatzen ditu
Carmen Gisasola markina-xemeindarrak Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatua liburua (Erein) aurkeztu du, Erein argitaletxearen eskutik eta Inazio Mujika editorearen laguntzagaz.Langraitzeko (Langraiz Oka, Araba) espetxean zegoela jatorriz marokoarra zen neska frantses batek oparitu zion Gisasolari Nojud Aliren liburua. «Emakumeen gaia sakonago jorratu eta frantsesa lantze aldera, liburua itzuli egingo nuela erabaki nuen. Aurretik hogei hizkuntzatara itzulita zegoen».
Gisasola Frantzian bizi izan zen zenbait urtez, eta ezagutzen zuen balore laikoek gizartean zelako eragina zeukaten. «Laikotasunak eragin handia du erlijio balore hertsi eta atzerakoiei aurre egiteko orduan. Hemen, ordea, laikotasunaren ikuspegitik horrelako gaiak gutxi jorratzen dira».
Presio sozialaz baliatuz, erlijioek balore atzerakoi batzuk inposatzeko indarra eduki dutela dio Gisasolak. «Hemen ere, elizagaz gauza bera gertatu izan da urte askoan». Hala, ezkontza goiztiarrak eta ezkontza barruko indarkeria kasuak ez direla Islamaren patrimonio hutsak dio itzultzaileak. «Asko kostata, Mendebaldean emakumeok askatasun eremuak geureganatuz goaz, nahiz-eta parekotasunera oraindik iritsi ez». Markina-xemeindarrak pentsakera horrek bultzatuta eta balore atzerakoiak ezin direla onargarritzat jo iritzita itzuli du liburua.
Nojud Ali da liburuko protagonista, 2008. urtean, 10 urte zituela, bera baino hiru aldiz zaharragoa zen gizon bategaz ezkonarazi eta handik bi hilabetera dibortzioa lortu zuen neskato yemendarra. Ali munduko dibortziaturik gazteena bilakatu zen. Aitak behartu zuen Nojud eskola utzi eta ezkontzera. «Utzi egiozu ume baten moduan ibiltzeari», esan zion aitak ezkontza bezperan.
Senarrak gauero sexualki erasotzen zuen, amaginarrebaren laguntzaz. Eta ezin zuen ezertxo ere esan. «Aitarena izateari utzi diozu, orain nirea zara», esaten zion senarrak jipoitzen zuen bitartean.
Naziorteko oihartzuna
Nazioarteko komunikabideei esker, Nojud Aliren dibortzioa mundu osoan egin zen ezaguna, eta ordura arte isilik mantentzen zen praktika etetea eragin zuen, nahiz-eta oraindik beste herrialde batzuetan eguneroko ogia izaten jarraitzen duen: Afganistan, India, Iran, Egipto, Pakistan…
2008ko azaroan Urteko Emakumeen Saria jaso zuen Alik New Yorken (Ameriketako Estatu Batuak). 2009an Yemengo Legebiltzarrak ezkontza legea 17 urtetan jarri zuen, neska zein mutilentzat. Eta ezkontza hitzarmena epaile batek izenpetu behar duela onartu zuen.
Urte berean, nazioartean sortzen ari zen zalaparta tarteko, agintari yemendarrek pasaportea kendu zioten Aliri. Hala, ezin izan zuen Austriara Urteko Emakumeen Saria jasotzera joan.
2013an aitak etxetik bota zuen Nojud Ali, eta bere ahizpa txikia ezkonarazi nahi izan zuen. Alabak jakin zuen berari buruzko liburuagaz ateratako diru guztia xahutu egin zuela aitak.