Leire Bilbaok idazleak sortu ditu Musua disko-liburuko hitzak
Leire Bilbao idazle ondarrutarrak Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Musua disko-liburuko hitzak idatzi ditu. Pailazoen azken lanak hamabi kantu eta hamabi kontu-kantu jasotzen ditu: Hau poza, Oles, Oles, Zomorro, zomorro, Kilkerraren gau kantua, Joaldu...
Idazle ondarrutarrak, hain zuzen ere, abestien hitzak eta kontu-kantuak egin ditu. Musika, ostera, Xabier Zabalak egin du, ilustrazioak Maite Mutuberriak marraztu ditu, eta diskoaren nahasketak Kaki Arkarazok egin ditu, Andoaingo Garate estudioetan.
Muxua eta sua. Bi hitz horien arteko hitz jokoak ematen dio izena pailazoen azken lanari. Duela egun batzuk aurkeztu zuten lana Lasarte-Orian. «Lagun oso onez, trebez eta azkarrez biltzea lortu dugu, eta Musua horren emaitza da», adierazi zuen aurkezpenean Aiora Zulaika Soroa Pirritx-ek.
Bilbaok, ostera, tradiziotik abiatuz bestelako lan bat egin dutela aditzera eman zuen. «Tradizioari buelta bat eman diogu, eta liburu-diskako abesti batek dioen bezala, berriak sortu eta zaharrak mantendu ditugu». Hain zuzen ere, natura eta tradizioak batu dituzte lana sortzeko, inauteriak, San Joan sua eta Gabonak, besteak beste.
Ilustrazioei dagokienez, natura da oinarria. «Saiatu naiz liburu-diska honetan naturaz betetako mundu oso bat irakurleari edota entzuleari eskaintzen», zioen Mutuberriak.
Oro har, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen publikoa oso zorrotza dela eta horren jakitun disko berria «oso ezberdina eta haientzako aproposa» dela nabarmendu zuen diskoa grabatu duen Kaki Arkarazo Garate Studioko ordezkariak.