Gaztelugatxera joan den bisitari kopuruak gora egin du 2018ko uda garaian

Bizkaiko Foru Aldundiak bildutako datuen arabera, 309.233 pertsona joan dira Gaztelugatxera ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean, iaz baino %2,94 gehiago.

Aldundiak bisitarien fluxuari buruzko datu zehatzak eskaini ditu. Bisita gehieneko hilabeteak abuztua, 133.100 pertsonekin, eta uztaila , 80.909 bisitarirekin, izan dira. Hala ere, adierazi dutenez abuztuan bisitiarien kopuruaren % 7,07 jaitsi da, eta udan zehar izandako gehikuntzarik handiena ekainekoa izan da, hilabete horretan % 35,93 hazi baita bisiten kopurua, 28.630 pertsonara iritsi arte. Gaztelugatxen bisitaririk gehien egon zen eguna abuztuaren 15a izan zen, 6.159 pertsonagaz.

Gaztelugatxera hurbildu diren gehienak Espainiar Estatutik etorritakoak izan dira, bisitari guztien % 60,98, hain zuzen ere. Atzerritik etorritakoen artean, bisitari guztien % 24,11 zehazki, gehienak frantsesak eta italiarrak izan dira. Azkenik, bisitarien %14,90 Euskal Autonomia Erkidegotik etorritakoak izan dira, eta horien artean %65,20 bizkaitarrak izan dira.

Elena Unzueta, udako datuak azaltzen. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Elena Unzueta, udako datuak azaltzen. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Biotopo babestu horretan “bisitarien sarrera kontrolatzeko sistemak ezarri izanak pertsona fluxuen erregulazioa ahalbidetu” duela azaldu du aldundiak. Modu horretara, uda garaian “ilara gutxiago” izan direla eta, horrenbestez, “bisitaren esperientzia hobetu” egin dela nabarmendu dute.

Sarrera mailakatua. Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak azaldu duenez, “online txartelaren sistema ezarrita eta, aldi berean, Biotopo babestu honetara sartzeko guneetan sarrera horiek emateko sistemarekin, pertsonen iritsiera eta sarrera era mailakatuan egitea” lortu dute.

Unzuetak gogoratu duenez, eguneko 4.000 bisitariko muga jartzen du Europarc-ek Gaztelugatxe moduko ezaugarriak dituzten esparru babestuetarako erreferentzia muga bezala. Aldundiak aipatutako kopuru mugatu hori ez gainditzeko ahalegina egin arren, ekainaren eta irailaren artean, bi hilak barne, 17 egunetan kopuru hori gainditu egin da. Beste 16 egunetan, “ozta-ozta” gainditu zen 4.000 bisitariko kopuru hori.

Diputatuak, halaber, tokira etorri diren “hamar pertsonatik lauk euren online ticketa atera dutela” azpimarratu du. “Hain denbora motzean ratio horretara heltzeak argi erakusten du sistema finkatzen ari dela”, esan du gaiari dagokionez. Beste alde batetik, ekainean, uztailean eta abuztuan 10.519 pertsonak erabili dute Gaztelugatxerako Bizkaibus zerbitzua, aldundiak zehaztu duenez.

Hurrengo lanak. Prestatutako proposamenari hainbat eragilek ekarpenak egiteko bilketa-prozesua aurrera doan bitartean, aldundiak Gaztelugatxeko “bisitaren esperientzia hobetzeko pausoak ematen” jarraitzen duela aldarrikatu du. Ildo horretan, une honetan hiru arlo lantzen ari direla zehaztu dute.

Hasteko, “adimen artifizialaz lagundutako audio-giden sistema” abian jarriko dute. Sistema horrek Gaztelugatxera hurreratzen diren pertsonei gune zehatz batzuetan “kontakizun bat entzuteko aukera” ahalbidetzen die, eta horretarako smartphone-ak edota tabletak erabili ahalko dituzte. Sistema webgune batean oinarritzen dela azaldu dute, hortik eskaintzen baita kontakizun hori, hainbat hizkuntzatan.

Bestalde, Gaztelugatxerako sarreraren autobalidaziorako eta informaziorako elementuak jarriko dituzte sarrera guneetan. Horrela, sarreretan bisitari ilarak sortzea saihestuko dute. Horrez gain, eremuko langileek beste lan batzuetan jardun ahal izango dute, esaterako, “guneko elementu garrantzitsuei buruzko informazioa azaltzen, gorabeherak kudeatzen edota tiketik gabe joaten direnei arreta eskaintzen”.

Horiez gain, Bakiotik Matxitxakoko itsasargiraino joango den oinezkoentzako paseabide bat markatzeko lanak egingo dituzte. Bide hori Gaztelugatxetik ere igaroko dela azaldu dute.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend