Berdintasunerako Zerbitzua jarri dute martxan berriz Gernika-Lumon
Sentsibilizazio kanpainak diseinatu eta indarkeria sufritzen duten emakumeei arreta emango die zerbitzuak. Herritarren eskariari erantzuna eman dio udalak2017ko uztailaz geroztik udalerrian egon ez den Berdintasunerako Udal Zerbitzua berriro jarri du m...
Sentsibilizazio kanpainak diseinatu eta indarkeria sufritzen duten emakumeei arreta emango die zerbitzuak. Herritarren eskariari erantzuna eman dio udalak
2017ko uztailaz geroztik udalerrian egon ez den Berdintasunerako Udal Zerbitzua berriro jarri du martxan Gernika-Lumoko Udalak, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko programa, ekintza eta zerbitzu jakinak kudeatzeko.Udal zerbitzuak emakumeei zuzendutako hainbat programa izango dituela jakinarazi du udalak: «Abian jarritako zerbitzu berriagaz, emakumeei beraien gizarte eskubideak, errekurtsoak eta dituzten prestazioak zeintzuk diren adieraziko diegu».
Emakume eta gizonen arteko desberdintasunei buruzko sentsibilizazio kanpainak diseinatzea dela zerbitzuaren betebeharretako bat esan dute, bai eta hezkuntza zentroekin sentsibilizazio kanpainak koordinatzea ere. Horrez gain, udalerriko emakumeek dituzten oztopoak, eskaerak eta beharrizanak aztertuko ditu.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateagaz batera indarkeria pairatzen duten emakumeei berehalako arreta emateko behar diren zerbitzuak sortzea eta bermatzea ere badira Berdintasunerako Udal Zerbitzuaren betebeharrak.
Oro har, aholkulari lanak, laguntza lanak eta udaleko eta beste erakunde batzuetako diru laguntzak kudeatzeko lanak gauzatuko ditu, eta emakumeei aldi baterako harrera zerbitzuak eskainiko dizkie, harrera etxeak eta tutoretzapeko etxebizitzak, esate baterako.
III. Berdintasun Plana
Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, Berdinasunerako Batzordea eta udalerriko berdintasun politikak suspertuko dituen Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Udal Plana kordinatzeko ardura ere edukiko du.
Artekalea 8. zenbakiko 3. solairuan dago eskuragarri zerbitzua, eta astelehenetan, martitzenetan eta eguaztenetan 08:00etatik 14:30era egongo da zabalik. Hala ere, informazio gehiago nahi izanez gero, hurrengo zenbakira deitu beharko dela adierazi dute: 94-625 70 90.
Urtebetean zerbitzu barik egon eta gero eta herritarren eskariz jarri du udalak martxan zerbitzua. Asko izan dira urtebetean zerbitzu hori «ezinbestekotzat» jo duten norbanako zein eragileak; egoera konpontzeko exijitu diote udalari sarritan.
Berdintasunerako Kontseiluko kide izandakoek salatu zuten lehenengo Berdintasunerako Zerbitzuaren falta: «Foru eta toki administrazioek, bakoitzak bere burua antolatzen dituen eskumenen eremuan, egiturak egokitu behar dituzte. Era horretan, administrazio bakoitzak emakumeen eta gizonen berdintasun politikak bultzatu, programatu, ebaluatu eta haiei buruzko aholkuak ematen jardungo duen erakunde, organo edo administrazio unitate bat edukiko du dagokion eremuan».
Ikasturtea antolatzeko orduan ere, udalaren Berdintasunerako Zerbitzuaren beharra eduki zuten udalerriko ikastetxeek. Hori horrela izanik, zerbitzuarekiko zeukaten «beharra eta premia» zein zen azaldu zioten udal gobernuari. «Arduratuta» agertu ziren ikastetxeak, eta azaroaren 25ean eta martxoaren 8an ez zutela «sentsibilizazio kanpainarik» egiteko aukerarik izan salatu zuten. Gainera, formakuntza eta dinamizazio lana «bertan behera» utzi behar izan zutela aitortu zuten.
ELA eta LAB sindikatuek ere egoera salatu zuten, zerbitzurik ez egotea lehenago hainbeste lan egin zuten langileekiko eta zerbitzu hori erabiltzen zuten herritarrekiko «errespetu falta» zela adieraziz.
Orain, herritarrei erantzunez, «ikasturte berriagaz batera Berdintasun Zerbitzu berria» martxan jarri dutela adierazi du Gernika-Lumoko Udalak.