Azaroaren 11n egingo dira Berriatuan Bizilagunak egitasmoko bazkariak
Egitasmoak bertoko familia bat eta atzerritik etorritako bat bazkari batean batzea du helburu. Parte hartu nahi duten herritarrek hilaren 31ra arte eman ahal dute izenaEuskal Herriko familia eta pertsonak atzerritik etorritakoekin bazkari batean bildu ...
Egitasmoak bertoko familia bat eta atzerritik etorritako bat bazkari batean batzea du helburu. Parte hartu nahi duten herritarrek hilaren 31ra arte eman ahal dute izena
Euskal Herriko familia eta pertsonak atzerritik etorritakoekin bazkari batean bildu eta horiek euren esperientziak eta bizipenak elkartrukatzea helburu duen egitasmoa da Bizilagunak. Berriatuan iaz egin zuten estreinako, eta zortzi parte hartzaile egon ziren; lau bazkari antolatu zituzten. Bada, iazkoari jarraituz, aurten ere beste horrenbeste edo gehiago egin nahi dute. Bazkariak azaroaren 11n egingo direla esan dute.«Bazkari bakoitzean Euskal Herriko familia bat, familia etorkin bat eta dinamizatzaile bat bilduko dira bi familietako baten etxean». Funtsean, herri berean bizi diren eta jatorri ezberdina daukaten herritarrak elkar hobeto ezagutzeko aukera ematen du ekintzak.
Antolatzaileek esan dute garrantzitsua dela azaltzea familia kontzeptua norberak erabakitzen duela. «Izan ahal da bakarrik bizi den pertsona bat, bi lagun…».
Izena emateko bideak
Egitasmoan parte hartu eta esperientzia bizi nahi duten herritarrek urriaren 31ra arte izena eman ahal dute, 615 84 34 20 telefono zenbakira whatsApp-a bidalita edo bizilagunakberritxu@gmail.com helbidera idatzita. «Izena emateko epea amai- tu eta gero, antolatzaileok bazkaritan batuko diren bi aldeak antolatuko ditugu». Izena ematerakoan anfitrioi edo gonbidatu modura parte hartu nahi den zehaztu behar dela esan dute. «Eskualdeko beste herriak ere egitasmoa martxan jartzera gonbidatzen ditugu; polita da, eta merezi du».
Berriatuarrak Gipuzkoako Bizilagunak elkartekoekin daude harremanetan. «Gipuzkoan herri ezberdinetan egiten da egitasmo hau. Eta haiek ere azaroaren 11n batuko dira bazkaltzen».
Bazkalaurreko hitzordua
Bazkariak 14:00ak aldera egingo dira, eta nahiz eta horiek etxebizitzetan egin, bazkalaurretik, 13:00ak aldera, denak plaza inguruan batuko direla aurreratu dute. «Egitasmo polita da, eta izena eman ez duten herritarrak parte hartzera animatu nahiko genituzke».
Bizilagunak Zirkus jaia
Ekintza egin aurretik, urriaren 28an, Bizilagunak Zirkus deritzon jaia egingo da Donostiako Sagues auzoan. «Kultura ezberdineko jendea batzen den egun osoko jaia izaten da. Horretan tailerrak eta bestelako ekintzak egiten dira, baita ere bazkari erraldoi bat». Jai horretara joateko berriatuarrek autobusa ipiniko dute. Iaz, esate baterako, Bizilagunak Zirkus jaia herrietako bazkariak egin eta gero egin zela esan dute berriatuarrek. «Aurten, baina, aurretik egingo da. Beraz, jai horrek lehenengo harremanak egiteko balio ahal duela uste dugu».
Bizilagunak egitasmoa 2012an egin zen, estreinako, Euskal Herri mailan. Ordutik, 10.000 herritar inguruk parte hartu dute, dinamizatzaileak barne. Iaz, esaterako, 2.000 herritar baino gehiago izan ziren txoko ugaritan mahai baten inguruan bazkaritarako elkartu ziren bertako eta atzerritar jatorriko familiak.