Bonbardaketen samina, dantzen hizkeran
Dunkerque eta Gernika-Lumo bonbardatu egin zituzten; eta gertatutakoa gogoratzeko ikus-entzunezko bat grabatzen aritu dira asteburuan, Gernika-Lumon. 28 dantzarik parte hartu dute.Herrialde ezberdinetako herri bi izan daitezke elkarren artean bateragar...
Dunkerque eta Gernika-Lumo bonbardatu egin zituzten; eta gertatutakoa gogoratzeko ikus-entzunezko bat grabatzen aritu dira asteburuan, Gernika-Lumon. 28 dantzarik parte hartu dute.
Herrialde ezberdinetako herri bi izan daitezke elkarren artean bateragarri; izan daitezke ez hain desberdin; bata bestearen osagarri. Eta elkarketa hori bihur daiteke baita liluragarri; adierazgarri. Sarri askotan izaten da zerbait herri bat besteagaz lotzen duena; dela hizkuntza, dela kultura, dela itxura. Memoriak ere lotzen ditu iragan bizi bezain latza dutenak.Ezbeharrak beti ezbehar, eta samindura beti samingarri. Baina bada zorigaizto izandako garai hura gogoratzerik; bada gertatutakoa guztion memorian gorde dadin zerbait egiterik. Dunkerquek (Frantzia) eta Gernika-Lumok, esaterako, badute zer gogoratu; historiaren parte diren hamaika istorioez gain, badutelako zer kontatu, gerrek eta bonbardaketek eragindakoa ez delako erraz ahazten. Oroimen ekitaldiak egin dira, ikus-entzunezkoak ere ekoiztu dituzte, koadroak margotu dituzte… Baina dantza eginez ere gertaerak berreraiki eta samindura adierazi daitekeela erakutsi dute Ross Dantza Eskolakoek.
Dantza egitea gorputzaren bitartez barruko guztia kaleratzeko aukera paregabea izaten da askotan. Bakarka egitearen hautua hartuko dute askok, baina konpainian egiteak ere badauka bere xarma. Dantzak ez du ulertzen hizkuntzaz, bera baita hizkuntza; gorputzaren hizkera. Hala dela erakutsi dute Dunkerque eta Gernika-Lumoko neska gazteek.
Hamazortzi dantzari: hamar Gernika-Lumoko Ross dantza eskolakoak eta zortzi Dunkerque hiriko K´Danses dantza taldekoak. Horiek dira asteburuan Gernika-Lumoko kale eta toki esanguratsuak beraien dantzez alaitu dituztenak.
Zapatuan iritsi ziren frantziarrak, eta etxera buelta egin arte ez zuen etenik izan asteburuak haientzat. Aipatu herri bonbardatuetan gertatutakoa gogoratzeko kultur proiektu bat jarri zuten martxan. Elkarlanean prestatutako koreografia bat gra- batzea da proiektuaren helburu nagusia, eta zeregin horretan aritu ziren.
Alkatearen ondoetorria
Gernikara heldu bezain pronto udaletxera abiatu ziren, bertan zeukaten-eta zain herriko alkate Jose Maria Gorroño. Dunkerquekoak udalerrira etorri direla aprobetxatuta hartu zituen udaletxean.
Alkateak harreran gogorarazi zuenez, 2016. urteaz geroztik, Gernika-Lumo Memoria Hirien elkartearen barruan dago, beste hainbat hirigaz batera; horien artean, Dunkerque bera. Gernikak duela 81 urte sufritu zuen bezala, gainontzeko hiriek ere sufritu behar izan dutela azaldu zuen Gorroñok: «Bidegabekeriak sufritu behar izan dituzte, gerra eta heriotzen bitartez». Orain, baina, bakearen alde lan egin nahi dutela azpimarratu zuen, eta proiektu hau hasiera dela aipatu zuen. Bideokliparen grabaketak Frantziako eta bertoko hiriaren arteko harreman kulturalak sendotzeko balioko du, eta, horren aurrean «pozik» agertu zen.
Gorroñok Gernikaren ikur diren aritzaren hostoa eta Picassoren koadroaren irudi txiki bat biltzen duen oroigarri bat eman zion K´Danses dantza taldearen zuzendariari.
Ross Dantza Eskolakoekin bazkaldu, eta koreografia entseatzera eta domekarako guztia antolatzera joan ziren ondoren.
Domeka izan zuten ikus-entzunezkoa grabatzeko eguna. Egun kaxkarra izan zuten eguraldiari erreparatuz gero. Euripean aritu ziren, oin hutsik, baina protagonistek jakin zuten horri aurre egiten, eta irribarrez eta gustu handiz dantzatzen.
18 eta 26 urte bitarteko neskak dira Dunkerquekoak, eta 16 eta 23 bitartekoak, aldiz, Gernika-Lumokoak. Horiek guztiek gogor egin zuten lan asteburuan; domekan, bost orduz aritu ziren grabaketa lanetan. Herriko toki esanguratsuak aukeratu zituzten agertokitzat: Pasealekua, babeslekua, Merkatu Plaza, Andra Mari eliza, Picassoren koadroaren aurrealdea…
Rosa Rementeria Ross dantza eskolako zuzendariak esan duenez, «oso nekatuta» bukatu zuten eguna; dena den, argi dauka nekeak «merezi izan» duela. «Esperientzia oso polita» bizi izan dutela aipatu du, eta «oso gustura» aritu direla dantzan. Dunkerquekoak eurak ere «oso hunkituta eta gustura» aritu direla azpimarratu du.
Dunkerqueko dantzariak hartu dituzte etxean, baina urtarril amaieran alderantziz egingo dute; gernikarrak hartu beharko dituztelako frantziarrek. Ikus-entzunezkoaren bigarren zatia hango leku esanguratsuetan grabatuko dute, eta handik egun batzuetara, ikus-entzunezkoaz gozatu ahal izatea da asmoa.