Bizenta Mogel ezagutzeko saioak, zapatuan, Markina-Xemeinen
Euskaraz idatzi eta bere izenez sinatzera ausartu zen lehenengo emakumearen bizipenak kontatuko dituzte. Ondare saioak herri gehiagotan ere egingo diraBizenta Mogel markina-xemeindarra hobeto ezagutzeko jardunaldia egingo dute zapatuan, Markina-Xemeine...
Euskaraz idatzi eta bere izenez sinatzera ausartu zen lehenengo emakumearen bizipenak kontatuko dituzte. Ondare saioak herri gehiagotan ere egingo dira
Bizenta Mogel markina-xemeindarra hobeto ezagutzeko jardunaldia egingo dute zapatuan, Markina-Xemeinen. Ekintza Ondarearen Europako Jardunaldien baitakoa da. Besteak beste, Mogel nor izan zen ezagutzera emateko mintzaldiak, tailerrak eta bestelako ekintzak egingo dituzte, egun osoan. Markina-Xemeinen ezeze, Lea-Artibaiko beste herri batzuetan eta Bermeon ere ondare jardunaldiak egingo dituzte asteburuan.Euskaraz idatzi zuen eta bere izenez sinatzera ausartu zen lehenengo emakumea izan zen Mogel. Azkoitian jaio bazen ere, urte bat zeukala umezurtz geratu eta bere osaba Juan Antonio Mogelek Markina-Xemeinen zeukan etxera etorri zen bizitzera, Juan Jose nebagaz batera.
Osabak euskaraz, gaztelaniaz eta latinez irakurtzen eta idazten irakatsi zien, eta 22 urte zituenean, bere obrarik garrantzitsuenetariko bat argitaratu zuen: Ipuin onak.
Adituekin solasean
Mogelen bizitza errepasatzeko, hiru hitzaldi egongo dira udaletxean, 10:30etik 14:30era. Berbaldi horietan ondoko adituek parte hartuko dute: Josune Muñoz Skolastikako kidea (Emakumeak eta literatura XIX. mendean), Xabier Altzibar Euskaltzain urgazle etxebarritarra (Mogeldarrak. Bizenta Mogel eta bere ‘Gabon Cantac’) eta Xabier Kaltzakorta euskaltzain markina-xemeindarra (Bizentaren ‘Ipuin Onac’. Alegiak eta Alegilariak). Moderatzailea Yolanda Arrieta idazle etxebarritarra izango da. Goizeko hitzaldiak amaitu aurretik, Tarineko umeek Bizenta Mogelen Gabon kanta batzuk ere eskainiko dituzte.
Arratsaldean, Andre argi baten ikurrak hitzaldi tailerra egongo da Uhagon kulturgunean, 17:30etik 19:00etara. «Tailerra Bizenta Mogelen irudia ezagutzeko beste modu bat izango da. Literatur eta jolas ikutuekin, saio hurbila eta dinamikoa izango da».
Tailerrean parte hartzeko, baina, aldez aurretik izena eman behar da, telefonoz deituta (94-616 63 03) edo kulturgunea@uhagon.com helbidera idatzita.
Simon Bolivar Museoan
Ondarea ezagutzera eman eta emakumeen lana aitortze aldera, Ziortza-Bolibarren ere bestelako zer edo zer egingo dute zapatuan. Maria Dolores Azumendiren eskutik, Basili: Kemena eta hauskortasuna mintzaldia egongo da 12:00etan, Simon Bolivar Museoan. Irudimena erabiliz, La luz del carburo eleberriaren egileak Mallabia, Ziortza-Bolibar, Arbatzegi, Urduña, Oiardo eta Gasteizko agertokiak errepasatuko ditu euskal familia baten historia ezagutzeko. Idazlearen ama, Basili, izango da protagonista.