Etxean hasitako ametsa Belgikan borobildu zuen atzo Lointek Gernika Bizkaiak. Malosten garaipen gogoangarria lortuta bidaiatu zuten Belgikara gernikarrek, eta han ere erakustaldi bikaina eman zuten.
EuroCup Women Txapelketa jokatzea ametsa zela zihoten jokalariek, eta dagoenerako eskuratu dute Txapelketako Taldekako Fasea. Denboraldiko lehenengo helburu garrantzitsua lortu dutela esan du Mario Lopez entrenatzaileak: “Gure bigarren urtean taldekako fasean egon nahi genuen, eta talde on baten aurka lortu dugu sailkapena”.
Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia
Basket Namur Capital 53 – 74 Lointek Gernika Bizkaia izan zen azken markagailua aurretiazko kanporaketako buletako partiduan. Bikain jokatu zuten 40 minutuetan taldekideek. Defentsan irmo aritu zen taldea eta erasoan kementsu. Elkarlanean,
talde lan izugarria eginez lortu zuten garaipena.
Talde belgikarrak erraz lortu zituen saskiratzeak hasierako minutuetan, 5-2 markagailuagaz aurretik egotea lortu zuen-eta. Etxeko taldeak nahi baino gahiago barkatu zuen, baina, Mario Lopezek txandakatzeekin asmatu, eta esperientziadun bostekoagaz jokatzea erabaki zuen: Dietrick, Vanderwal, Diez, Roundtree eta Berezhynska. Ondo aritu ziren jokalariak,
defentsa lan ona eginez eta erasoan ideak argi edukiz. Hala, markagailuan aurretik jartzea lortu zuten gernikarrek, eta 12-21 markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena.
Bigarren laurdenaren hasieran huts egiteak nagusitu ziren bi taldeetan. Dietrick eta Vanderwalek, baina,
hirukoekin asmatu zuten eta errebotea zainduz eta kontzentrazioa galdu barik markagailuak ihes egitea lortu zuten gernikarrek. 20 puntu goitik zeuden. Roundtreek ere lan bikaina egin zuen, eta ondo zuzendu zuen taldea.
23-43ko emaitzagaz amaitu zuten lehen zatia. Atsedenalditik bueltan ez ziren ondo aritu bi taldeak. Dietrick-ek min handia egin zien aurkariei, hirukoak azpimarratzeko erreztasunagaz lortu zituelako. Namur bakarkako erasoekin erantzuten saiatu zen, baina desberdintasunak mantendu egin ziren.
53-74 markagailuagaz heldu ziren
azken txanpara. Alde nabarmena izan arren, Lointekeko jokalariek bereari eutsi zioten, errenta handitzeko gogoz. Intentsitatea mantendu zuten. Mario Lopezek, ordea, domekan jokatuko duten partiduan pentsatu zuen. Hala,
Leire Ugalde harrobiko jokalariak
debutatu zuen. Lehenengo maila nazionalean jokatzen du Ugaldek, eta atzo partiduko azken bost minutuez gozatzeko aukera izan zuen. Garrantzitsuena garaipena eskuratzea eta taldekako fasera sailkatzea izan zen arren, debutagaz “oso pozik” dagoela esan zuen Ugaldek. Lointek Gernika Bizkaiak azken momentura arte erakustaldia eman zuen.
Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia
Etxean lortutako garaipenari esker “lasaiago” jokatu zutela atzo esan zuen Mario Lopezek partidua bukatutakoan. Entrenatzailearen berbetan, taldeak izugarrizko lana egin zuen bai defentsan zein erasoan: “Taldeak beti serio jokatu behar du. Aste honetan ia ez dugu entrenatu, eta jokoan aldaketa batzuk egiteko aprobetxatu dugu gainera”.
Azken laurdenean Dia Ligan pentsatu zuela ere onartu zuen Lopezek: “Domekan ligako oso partidu garrantzitsua daukagu, eta fisikoki ondo iritsi behar gara Madrilera”.
Taldekako Fasea. Namurren aurka lortutako garaipenagaz
EuroCup Women Txapelketako taldekako fasea jokatuko du Lointekek. 40 taldek parte hartzen dute bertan, eta 4 parte hartzaileko 10 taldek osatzen dute taldekako fasea. Gernikarrak Gironagaz, Unir Gyor talde hungariarragaz eta Clube Uniao Sportiva talde portugesagaz daude F taldean. Lointekek
Gironaren aurka jokatuko du lehenengo norgehiagoka, Katalunian.
Domekan, Liga Diaren hasiera. Gernikarrek domekan hasiko dute Dia Liga, Madrilen. Snatt`s Femini Sant Adria taldearen aurka jokatuko du 13:15ean. Torrekon de Ardozeko Jorge Garbajosa pabilioian lehiatuko ddira lehenengo jardunaldiko partidu denak asteburuan.
Naiara Diez kapitainarentzat seigarren urtea da talde gernikarrean, eta aurkezpen egunean “gogotsu” daudela esan zuen: “Europako erronka eta ligakoa ilusio handiarekin hartuko ditugu. Ea taldean ondo lan egiten dugun.