Herri eskolak egingo dituzte Lekeition eta Gernikan, gaur
Gaurko Hispanitatearen Egunean ez daukatela «ezer» ospatzeko esan dute Ikasle Abertzaleek. Hitzaldiak egingo dituzte eskualdeotako bi herrietanUrriaren 12a Hispanitatearen Eguna jai egun arrotza dela aldarrikatuko dute gaur euskal herritar askok eta ...
Gaurko Hispanitatearen Egunean ez daukatela «ezer» ospatzeko esan dute Ikasle Abertzaleek. Hitzaldiak egingo dituzte eskualdeotako bi herrietan
Urriaren 12a Hispanitatearen Eguna jai egun arrotza dela aldarrikatuko dute gaur euskal herritar askok eta askok. Esate baterako, urtez urte, gaurko egunez hainbat ekintza egiten ditu Ikasle Abertzaleek.Beste batzuetan egin modura, Herri Eskoletan biltzeko proposamena luzatu diete ikasleei. Hain zuzen ere, Euskal Herriko hogei herritan prestatu dituzte Herri Eskolak, tartean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Busturialdeko herritarrei dagokienez, Gernika-Lumon biltzeko deialdia egin dute. Lea-Artibain, berriz, Lekeition elkartuko dira eskualdeko gazteak.
Askotariko ekintzak
Eskualdez eskualde eta herriz herri, askotariko ekintzak antolatu dituzte. Aldarrikapena oinarri hartuta, egun pasa egiteko aitzakian, hitzaldiak, eztabaidak, gosariak, bazkariak, dokumental proiekzioak, tailerrak… egingo dituzte.
Gernika-Lumon, esate baterako, hezkuntzaren funtzioei eta sare sozialei buruz hausnarketa egiteko aukera eskainiko duten bi hitzaldi emango dituzte.
Lekeition, berriz, kapitalismoak hezkuntza zelan baldintzatzen duen aztertuko dute.
IAko kideek azaldu dutenez, aipatu eskolen helburu nagusia langile klasearen beharrei egokitutako jakintza garatzea, eztabaidatzea eta zabaltzea da. «Ez daukagu ezer ospatzeko», zehaztu dute.