Euzko Abertzaleak eta EAJ koalizioan aurkeztuko dira 2019ko udal hauteskundeetan Gernika-Lumon
Oraingo legedian hasi dituzten eta epe laburrean abian jarriko diren proiektuen “martxa ona” ikusita, eta orain arteko lana baloratu ondoren talde biek koalizioan aurkeztea onetsi dutela jakinarazi dute. Halaber, Euzko Abertzaleakk erabaki du, berriz ere, Jose Maria Gorroño izango dela koalizioak aurkeztuko duen alkategaia.
Beraz, EA-EAJ koalizioa osatuko dute berriz ere 2019ko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetan Gernika-Lumon. Horrela erabaki dute bi alderdi politikoetako uri batzarrek, eta “oso ondo” baloratu dute udalaren oraingo eta etorkizuneko kudeaketari buruz gobernukideek izan duten adostasuna.
Herriaren bizitza sozioekonomikoari eta garapenari bultzada eman diotela esan dute, eta horrez gain, politikarien artean duten kohesioa azpimarratu gura izan dute: “Gaur egungo gobernu koalizioari eusteko orduan aintzat hartu dugu gure arteko kohesioa. Baita elkarren artean sortu den egonkortasuna eta kudeaketa irizpideetan eman den adostasuna ere”.
EA-EAJ koalizioak esan moduan, bien artean eratutako udal gobernuaren “egonkortasunak” ahalbidetu du udalerriaren garapen soziekonomikoari lagundu dioten hainbat proiektu martxan jartzea. Besteren artean, La Vegako elkartegia, Pasealekuaren birmoldaketa, posta bulegoaren parean egingo duten oinezkoentzako pasabidea, zaraten aurkako ordenantza idazteko prozesua abian jartzea eta merkatu plaza birmoldatzeko lanak dira koalizioak nabarmendutako batzuk. Horiek guztiek, beraien hauteskunde egitasmoa “osorik” betetzeko urratsak ematearen adibide direla zehaztu dute.
Lan jardun nagusiak. EA-EAJ koalizioak jakitera eman duenez, HAPO berria idazteko prozesuan lanean ari dira, etorkizunerako udal “modernoa” eraikitzeko oinarriak diseinatzen. Merkataritzan, herriko merkatariei eman beharreko babesa eman dietela azaldu dute, “ekonomiaren dinamizatzaileak diren aldetik”.
Bizitza kulturala ere bultzatu gura dutela jakinarazi dute. Izan ere, kultur programazioaren dinamisazioa eta bonbardaketaren urteurrena bezalako ekitaldiak, akena udalez gaindiko ekitaldia bada ere, koalizio gobernuaren helburu nagusienetarikoak direla zehaztu dute. “Udal goberna buru belarri ari da herriaren sustrai historikoen garrantzia azpimarratuz eta Gernika marka finkatuz, gure nortasun ikur unibertsala delarik”.