Inoizko erabiltzaile gehien eduki ditu eskualdeko Gababus zerbitzuak
Aurtengo jaietarako joan-etorrietan 5.000 herritarrek baliatu dute zerbitzua. 2013. urtean jarri zuten martxan, eta urtetik urtera erabiltzaile kopurua handitzen joan dela azpimarratu dute14 eta 29 urte bitarteko gazteek eskualdeko herriko jaietara aut...
Aurtengo jaietarako joan-etorrietan 5.000 herritarrek baliatu dute zerbitzua. 2013. urtean jarri zuten martxan, eta urtetik urtera erabiltzaile kopurua handitzen joan dela azpimarratu dute
14 eta 29 urte bitarteko gazteek eskualdeko herriko jaietara autobusez joan-etorriak egin ahal izateko Gababus zerbitzuak markak hausten jarraitzen du. Izan ere, urterik urte erabiltzaile kopurua handitzen joan da, eta aurten inoizko erabiltzaile gehien izan ditu. 5.000 bat erabiltzaile zenbatu dituzte.2013. urtetik dago martxan. Lehenengo urte hartan, 1.533 herritarrek erabili zuten.
Lea-Artibaiko Amankomunazgoak eta Lea Ibarra Udal Mankomunazgoak elkarlanean bultzatutako ekimena da, eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz sinatutako hitzarmen bati esker, aurten ere martxan jarri du eskualdeko gazteentzako zerbitzua.
Hain zuzen, Berriatuko San Gregorio jaietan jarri zuten martxan, eta Aulestiko Santa Eufemi jaien kontzertu gauean eman zuten azken zerbitzua.
Eskualdeko hamabi udalekin batera eskaintzen dute Gababus zerbitzua: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar.
Gazteek eskualdeko jai garrantzitsuetara modu seguruan joan-etorria egiteko aukera bermatzea da helburu nagusia, gertatu daitezkeen istripu edo ezbeharrak ekiditeko onena «aurreikuspenak egitea» delako.
Lea-Artibaiko Amankomunazgoarentzat garrantzitsuak dira Gaztedi planaren baitan martxan jartzen diren ekintza guztiak, tartean Gababusarena: «Eskualdeko jaiak bultzatu eta gazteei etxera bueltatzeko garraio alternatibo seguru bat eskaintzen diogu zerbitzu honen bitartez», azaldu du Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoaren presidenteak. Ordutegi zabala duenez, adin guztietako gazteentzako aukerak eskaintzen dituela gaineratu du.
Orain arte moduan, aurrerantzean ere, gazteen heziketan esanguratsuak diren arloetan lanean jarraituko dutela esan du Eluk. «Garrantzitsua da gazteriaren etorkizunari eta bizi ohiturei buruz hausnartzea, beraiek izango direlako etorkizunean Lea-Artibain biziko direnak».