Foruko Urberuaga auzoko bide segurtasuna hobetu dute
Foruko Urberuaga auzoan bide segurtasuna areagotzeko neurriak hartu dituela azaldu du Foruko Udalak.Urberuagako auzotarren eskaria izan dela argitu dute udaleko arduradunek, arduratuta ibili baitira auzotik igarotzen diren ibilgailuek eramaten duten ab...
Urberuagako auzotarren eskaria izan dela argitu dute udaleko arduradunek, arduratuta ibili baitira auzotik igarotzen diren ibilgailuek eramaten duten abiadura handia dela eta.
Hori ekidin asmoz, udalak hainbat segurtasun neurri hartzea erabaki du. Esate baterako, Gordiz, Estamusu eta Mosune baserrien aurrean gomazko hainbat abiadura murriztaile jarri dituzte, modu horretara Urberuagatik doazen ibilgailuak astiroago ibiltzea lortzeko. Ez hori bakarrik, gune horretako abiadura muga ere txikitzea erabaki dute: 20 kilometro orduko abiaduran igaro ahalko dira ibilgailuak.
Azkenik, Urberuaga eta Baldatika auzoak batzen dituen errepidean ere abiadura murriztailea jarri dute.
Herriguneko segurtasuna
Auzokideek udalari azaldu diotenaren arabera, herriguneetatik zehar aritu arren, autoek eta batez ere kamioiek «abiadura handia» hartu izan dute. Gune horretan errepide estua egonda baserriekin eta umeek jolasteko lekuekin bizilagunek argi eduki dute auzoko segurtasun neurriak hobetzeko beharra zegoela.
Udalak nabarmendu duenez, orain dela gutxi ere antzerako neurriak hartu zituzten Landaberde auzoan, eta datozen hilabeteetan harrobia eta Ibarra auzoa batzen dituen errepidean ere zenbait segurtasun neurri hartuko dituztela adierazi dute, handik igarotzen diren kamioien abiadura murrizteko.