EH Bildu Merkatu Plazako parte hartze prozesuan egongo da
Eraikinari buruz ez ezik, haren «edukiari» buruz hausnartu behar dela dio koalizioak. Herriko eta eskualdeko beharrizanak asetzeko prozesua irekia daGernika-Lumoko Merkatu Plazako proiektua abian jarri zenean Busturialdeko EH Bilduk ez zuen bertan pa...
Eraikinari buruz ez ezik, haren «edukiari» buruz hausnartu behar dela dio koalizioak. Herriko eta eskualdeko beharrizanak asetzeko prozesua irekia da
Gernika-Lumoko Merkatu Plazako proiektua abian jarri zenean Busturialdeko EH Bilduk ez zuen bertan parte hartu, baina orain proiektuaren diseinurako zabalik dagoen parte hartze prozesuan egongo dela esan du.Merkatu Plazaren berriztatzea beharrezkoa dela deritzo EH Bilduk, bai arkitektura mailan zein lehen sektoreari eta tokiko merkataritzari bideratutako estrategia modura, «Gernika-Lumorako eta Busturialde osorako». Horrela, koalizioak parte hartze prozesuan egingo diren bileretan parte hartuko duela esan du, «Merkatu Plazari buruzko ikuspegia adierazteko eta inplikatutako eragile sozial eta ekonomikoen ekarpenak jasotzeko eta proiektuan sartzeko».
Gernikako merkatuaren erreformen proiektua hasi zenean bertan ez egotea erabaki zuen Busturialdeko EH Bilduk, «erabat ezezaguna» zen proiektuari ez ziotela babesik emango arrazoituz. «Inork ez zigun milioi bat euro baino gehiagoko inbertsioaz gure iritzia galdetu, eta inork ez zituen jaso merkatura joaten diren ekoizleen eta hango saltzaileen iritziak, kexak eta proposamenak».
Koalizioak azaldu duenez, abuztuan EAJk «gauzak ez zirela ondo egin» onartu zuen, eta Merkatu Plazaren egoera bideratzeko asmoagaz elkartu egin ziren, «EAJk mahai batean esertzea proposatu zielako».
Saiakera horretan, proiektuari buruzko akordio batera iristeko balizko baldintzak eztabaidatu zituztela aitortu du koalizioak. Bertan, EH Bilduk eraikinari buruz ez ezik, eraikinaren edukiaz ere hitz egin behar zela argudiatu zuela jakinarazi dute, gainera. «Ezinbestekoa da inplikatutako eragile guztiekin eraikinari buruz hitz egitea, baina, batez ere, eraikinaren edukia da bileretan landu beharrekoa».
Horrek eskualdeko beharrizanak asetzeko ateak irekiko dituela uste du koalizioak. Eta hori guztia partaidetza bultzatuta lortuko dela esan du: «Parte hartzaile guztiei entzungo diegu, eta beraien ekarpenak proiektuan kontuan hartuko dira. Gure konpromisoa berresten dugu parte hartze prozesuko ekarpen guztiak proiektuan sartu daitezen».
Lehenengo harremanak
Uda ostean, Urremendi Garapen Agentziaren bitartez, ekoizleekin, merkatariekin eta erabiltzaileekin lehen harremanak hasi dituztela jakinarazi du EH Bilduk. Gainera, eskualdeko udalerriekin ere «laster» hasiko direla elkarrizketak zehaztu du.
Prozesuan parte hartuko duten herritar guztien artean proiektu «hobea» lortuko dutela uste du koalizioak, XXI. mendeko Gernikako azoka, hain zuzen. Hori lortzeko asmoagaz eta Merkatu Plazako erabiltzaile eta merkatari guztiak identifikatuta sentitzeko nahiagaz, EH Bilduk eragile guztiak animatu nahi ditu parte hartzera.