Urriaren 20an Donostian egingo den manifestaziora joateko deia egin du Sarek
Orain Presoak dinamikak deitu duen manifestazioak presoen «korapiloa» askatzeko unea dela aldarrikatuko du. Kepa Arronategiren egoera salatu dute Gernika-Lumoko agerraldianGernika-Lumoko Sarek Orain Presoak dinamikak urriaren 20an Donostian egingo du...
Orain Presoak dinamikak deitu duen manifestazioak presoen «korapiloa» askatzeko unea dela aldarrikatuko du. Kepa Arronategiren egoera salatu dute Gernika-Lumoko agerraldian
Gernika-Lumoko Sarek Orain Presoak dinamikak urriaren 20an Donostian egingo duen manifestazioagaz bat egin du, eta herritarrei parte hartzeko deia egin die. Donostiako Antiguako Tuneletatik abiatuko den manifestazioagaz bat egiteko, Gernika-Lumoko autobus geltokitik 15:00etan aterako den autobusa antolatu du Sarek.Merkatu Plazatik orain dela korapiloak askatzeko unea adierazi zuten Sarekideek barikuan, «Gernika-Lumoko azoka plazak euskal herritarren oroimenean esanahi berezia duelako».
Etorkizunari begiratu nahi diotela esan zuten, baina, horretarako, iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendotzea ezinbestekoa dela aitortu zuten. «Bidean izan diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa. Herritar gisa, guztioi dagokigu ardura hau gurea egitea, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarrituriko jendarte batean bizitzea».
ETAk existitzeari utzi dion arren, 269 euskal presok senideengandik ehunka edo milaka kilometrora jarraitzen dutela esan zuten, «oraindik askatu barik jarraitzen duen korapilo bat dagoelako». Espetxean dauden presoak beraien eskubideen jabe diren arren, oraindik salbuespen neurriak ezartzen dizkietela ere salatu zuten: «Salbuespen neurri horiek, pertsonak ez ezik, senideak eta bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak zigortzen dituzte».
Hala, korapiloak askatzeko unea oraintxe dela esan zuten ozen, «elkarbizitzarako unea delako, urteetan sortutako jendarte arrakalak elkarrekin sendotzeko unea delako eta presoen auzia orain konpondu behar delako».
Urrats positiboen premia
Kepa Arronategi preso gernikarraren egoera gogorarazi zuten agerraldian. Dispertsio politika ez datorrela bat gizartearen egoeragaz esan zuten, konponbidearen bila urratsak emateko garaia dela argi utziz. «Horrek presoen gaian urrats positiboak ematea eskatzen du».
Arronategik bizi duen egoera ez dela «bidezkoa ezta onargarria» esateaz gain, konponbiderako urratsak eman behar direla adierazi zuten.
Lehenik eta behin, baina, Arronategik bizi duen egoera salatu zuten. Preso gernikarraren eta familiaren intimitate eta pribatutasunaren eskubideak «urratu» dituztela esan zuten: «Arronategiren mediku diagnostikoaren datuak eta informazioak inongo eskubiderik barik argitaratu dira. Keparen gaixotasuna ez da publikoa izan orain arte. Bere intimitate eta eskubideez gain, bere familiarenak ere urratzen dituzten jokabideak izan dira».
Irailaren 21ean Almeriako espetxetik Zuerako espetxera lekualdatu zuten arren, oraindik ere «sakabanatuta eta urrunduta» egoten jarraitzen duela salatu zuten Sarekideek. «Ukaezina da senideek distantzia, desgastea, xahuketa ekonomikoa, istripu arriskuak… arindu dituztela, baina ez da nahikoa».
Gainera, beti lehenengo graduko erregimen zorrotzean egon dela esan zuten, eta «bizi baldintza eskasetan, dispertsaturik eta urrunduta» egoteak bere gaixotasunean eragina izan duela argudiatu zuten.
Guzti horregatik eta konponbiderako unea dela argi utziz, presoen eta haien senideen sufrimenduagaz amaitzeko unea dela esan zuten. Hala, herriko eta inguruko norbanako, eragile, eta sektore guztiei datorren urriaren 20an Donostiako Antiguako Tuneletatik abiatuko den Orain Presoak dinamikaren manifestazioagaz bat egiteko eskatu zieten.