Burujabetasun zelaia «aisialdirako espazio aktibo» bilakatu dute
Bermeoko Udalak Burujabetasun zelaian egindako obrak bukatutzat eman ditu. Bertan, 50 metroko tirolina bat eraiki dute, txiki eta gazteentzat. Irune Ormaetxea Bermeoko Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, «Burujabetasun zelaia aisialdirako espazio ak...
Bizitza aktiboa sustatzen duten bi proiektu horiek Bermeoko Udalak eta Enagasek finantzatu dituzte; horren harira, enpresa horri eskerrak eman dizkio Ormaetxeak. Zinegotziak adierazi duenez, 50 metroko tirolina horregaz «umeek eta gazteek jolasteko eta ondo pasatzeko aukera» edukiko dute. Tirolina bikoitza dela nabarmendu du, hau da, bi pertsonek aldi berean erabili ahalko dute.
Ormaetxeak gogoratu nahi izan duenez, tirolina herritarrek Bermeoko Udalari egindako «eskaera bat» izan da. Izan ere, gaztetxoekin izandako hainbat topaketetan eta umeekin egindako parte hartze prozesuan ere Bermeon tirolina bat izatea gustatuko litzaiekeela jakinarazi izan diote Ormaetxeari.
Azpimarratu duenez, Burujabetasun zelaian tirolina eta zirkuitua jarrita «aisialdirako gune natural atsegin eta erakargarria» egitea lortu dute. Tirolina eta zirkuitua elementu oso positiboak direla uste du zinegotziak, horiekin bizitza aktiboa ahalbideratzen dutelako, eta horrek, aldi berean, bizitza osasuntsua sustatzen laguntzen duelako.
Bukatzeko, udalak herritarren bizi kalitatea hobetzeko lan egiten duela nabarmendu nahi izan du Ormaetxeak, eta Burujabetasun zelaian egindako lanak ohitura osasuntsuak sustatzerakoan lagungarriak izango direla.