Kantu zaharrak dioen moduan, “
Zer gara gu, nor gara gu, euskotarrak gara gu…” abestiagaz hasi dute Euskal Jaia Gernika-Lumon. 12:00etan Segundo Olaeta musika eskolako zuzendaria eta txistularia den
Maiteder Olanok irakurri du aurtengo pregoia, eta jarraian bota dute jaiari hasiera eman dion txupina.
Gernikan eta Karrantzan, Lumon eta Maulen, Errenterian eta Tuteran zein Lurgorrin eta Oionen kantatzen duen herriak bizirik jarraitzen duela esan du Olanok. “
Izan garenaren esentzia dugu gaur arropetan, eta garenaren indarra gorputzetan eta ahotsetan”, gehitu du ozen. “Kantatzen duen herri bat bizi izan da gizaldi luzeetan. Gaurkoan geu gara horren lekuko, eta geu aldi berean lekukoa eskuan daukagunak. Hartu gura genduna baino apur bat euskaldunagoa utzi gura genuke herria gure ostetik datozenentzat. Kantaz kanta eta dantzaz dantza garena bizi, gozatu, erakutsi eta irakatsi daigun”.
Gaurkoa Euskal Jaia baino gehoago izatea nahi duela esan du Olanok: “Izatea garena izateaz harro sentitzeko eguna, garena aldarrikatzeko eguna. Ezin gaitu gure jatorriak lotsatu, eta nondik gatozen ozen aldarrikatu behar dugu, hori baita zerbait lortzeko modu bakarra”.
Kulturaz, ohituraz, hizkuntzaz, folklorez eta historiaz betetako herri bat dela Euskal Herria nabarmendu du Olanok. Ez dela onena, ezta txarrena ere esan du, gurea dela baizik. “Ospatu dezagun gure izatea, adorno eta lotsa barik, txarrari barre egin eta onagaz harrotu. Kantatu eta dantza egin, eta pentsatu kale zaharretako hormek zer gordetzen duten. Herri hau erre egin zuten, eta errautsetatik berriro sortu zen euskaldun askoren lanari esker. Indarrez, kantuz, bertsoz, musikaz eta lanez aurrera egin zuen belaunaldi oso bati esker gaude hemen”.
Txupina jaurti ostean,
agurra dantzatu, eta bertoko eta Euskal Herriko
hainbat udalerritatik etorritako abesbatzen emanaldia hasi da. Hala, askotariko musikariak batu dira eguerdian, eta herriko erdigunea kantuz bete dute. Bitartean, gainera, Segundo Olaeta Musika Eskolako musikariek, Gazteak Txistulari taldeko ordezkariek eta Busturialdeko gaiteru eta trikitilari taldekoak ere aritu dira.
Aurten, berritasun legez,
antzinako zerratokien erakustaldia egin dute Adolfo Urioste kalean. Bertan, egurrezko zutabeak eta trabiesak nola egiten ziren erakutsi dute, bai eta, lehengo tresneriaren erabilierari buruzko azapenak eman ere. Bertan bildu direnek, erakustaldiaren bidez, itsasontzietako oholak nola egiten ziren ikusi ahal izan dute. Euskaldunen nortasuna agerian utzi du ekintzak, eta iraganean euskaldunak nola moldatzen ziren ikusteko balio izan du. Gero, bukatzeko, gaur egungo tresneria erabili dute, metodo bat bestearekin alderatu asmoz.
Halaber,
Piratak Herri Kirol Taldeko neska-mutilek herri kirol erakustaldia egin dute Artekalen. Besteren artean, txokor batzean, trontzan zein aizkoragaz daukaten abilezia erakutsi dute gazte eta helduek.
Bazkaldu aurretik, Elai Alaiko dantzariek
Erregelak eskaini dituzte Merkurio iturriaren parean, eta herritarrek adi-adi jarraitu dituzte beraien pausoak. Gero gainera, aurten Gernika-Lumon, lehenengoz egin dute Txistularien Alardea. Pasealekuan 14:00etan elkartu dira eta denetariko abesti ezagun bezain tradizionalak jo dituzte. Gainera, bertaratutakoek musikariekin abesteko aukera izan dute, eta hala egin ere.
Gero, 15:00ak aldera jendetza batu da Merkatu plazako
herri bazkarian.
Bertso saioa. Bertsoak ere ezin dira falta euskal kulturaz hitz egiterako orduan. Eskualdeko herritarrek bertsoarekiko duten interesa nabaria da, eta bertsolariek ere beraien tokia izango dute gaur arratsaldean.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udazkeneko lehenengo saioa egingo da-eta
Lizeo Antzokian. Busturialdeko ordezkari bi egongo dira bertan: Asier Galarza Garai muxikarra eta Julen Erezuma Arzanegi gernikarra. Haiekin batera Garikoitz Sarriugarte Onaindia zaldibartarra, Imanol Uria Albizuri algortarra, Ion Barrocal Besga trapagarandarra eta Paule Ixiar Loizaga Legarra sopelarra igoko dira taula gainera 17:00etan.
Iluntzean ere, jarraituko du giroak. EinGo taldea izango da herria musikaz eta dantzez betetzeko ardura hartuko duena iluntzean. Gauean, berriz, Zirkinik Bez taldeak hartuko du erreleboa, eta Pasealekua girotuko du,
21:30etik aurrera.