Kepa Arronategiren egoera ez dela «onargarria» salatuko du Sarek bihar
Konponbiderako unea «orain» dela adieraziko dute biharko ekitaldian. Presoaren egoera «urgentziazkoa» dela eta bere pribatutasun eskubideak «urratu» dituztela esan du SarekKepa Arronategi preso gernikarraren egoera ez dela «bidezkoa», ezta «on...
Konponbiderako unea «orain» dela adieraziko dute biharko ekitaldian. Presoaren egoera «urgentziazkoa» dela eta bere pribatutasun eskubideak «urratu» dituztela esan du Sarek
Kepa Arronategi preso gernikarraren egoera ez dela «bidezkoa», ezta «onargarria» ere salatuko du Gernika-Lumoko Sarek bihar, 19:30ean. Gernika-Lumoko Merkatu Plazan biltzera deitu ditu herritarrak, Orain Kepa, Orain presoak aldarrikapenari jarraituz.1997. urtetik darama preso Arronategik, eta larriki gaixo dago. Hala ere, egoera larri horretan egonda, preso jarraitzen duten euskal presoen artean dago, eta Espainiako araudiaren arabera aske beharko luke.
Gainera, Etxeratek esan duenez, 20 urte daramatza lehen graduko erregimenean preso gernikarrak, eta hori legediaren aurka doa.
Sareren salaketa
Gernika-Lumoko Sarek Arronategik eta ingurukoek bizi duten egoera salatuko du bihar, «ez delako bidezkoa». Preso gernikarraren eta familiaren intimitate eta pribatutasunaren eskubideak «urratu» dituztela dio: «Arronategiren mediku diagnostikoaren datuak eta informazioak inongo eskubiderik barik argitaratu dira. Keparen gaixotasuna ez da publikoa izan orain arte. Izan ere, gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoen hamabi kasu ezagutzen ditugu, eta Keparena egon badauden, baina publiko egin ez diren hamarreko multzoan zegoen».
Irailaren 21ean, Almeriako espetxetik Zuerako espetxera lekualdatu zuen Espainiako Espetxe Zuzendaritzak; 1.000 kilometrotara zegoen Almerian, eta orain, etxetik 350 kilometrora dago. Hurbildu duten arren, oraindik ere «sakabanatuta eta urrunduta» egoten jarraitzen duela esan du taldeak: «Euskal Herrira hurbilduko zutela helarazi zuten instantzia ezberdinetatik, eta ez da horrela izan». Azken hilabetean senideen egoera hobetu den arren, Sarek dio ez dela nahikoa. «Ukaezina da senideek distantzia, desgastea, xahuketa ekonomikoa, istripu arriskuak… arindu dituztela, baina ez da nahikoa».
Arronategiren kasua «urgentziazkoa» dela gehitu dute, «lehenengo graduko erregimen zorrotzean egon izan delako beti». Bizi baldintza eskasetan, dispertsaturik eta urrunduta egoteak bere gaixotasunean eragina izan duela argudiatu dute. «Espetxe politika ankerra sistematikoki ezartzearen ondorioa da bere gaixotasuna. Horregatik, etxean egon beharko luke. Etxekoekin, espetxeetako lau hormak ez direlako inoiz bere egoera artatzeko leku egokia izango».
Konponbiderako garaia
Gaur egungo gizartearen errealitatea ez datorrela bat Arronategik bizi duenagaz adierazi du Sarek. Horregatik, argi esan dute «orain» dela konponbidearen alde aldarrikatzeko momentua, eta horixe bera aldarrikatuko dute bihar, «urteetan sortutako jendearen arteko arrakalak elkarrekin sendatzeko unea baita orain».