Urriko Lehen Astelehena ospatuko da astelehenean Gernika-Lumon; astelehen horretan eta aurreko domekan, Piriniotar Abelburuen
Euskadiko 33. Txapelketa lehiatuko dute 120 abelburuk Santa Ana aparkalekuan. Urtero legez, behi arraza hori hazten duten abeltzainek abelbururik onenak ekarriko dituzte udalerrira.
Abereek kategoria ezberdinetan sailkatuta lehiatuko dute, eta horien adina, sexua, morfologia, kumea izan duten ala ez eta erakuslekutik nola ibiltzen ikusita aukeratuko dituzte abelbururik onenak epaileek.
Hori horrela,
lehen sektoreko erreferentzia gune eta pririniotar arrazaren erakustoki bihurtuko da herriko Santa Ana aparkalekua. Izan ere, abere abelgorriek gero eta pisu gehiago hartu dute euskal nekazaritza ustiategietan. Horrek, esne behiei kalte egin diela adierazi dute antolatzaileek.
Aurten ospatuko den 33. Euskadiko Txapelketan,
24 abeltzainek parte hartuko dute, gehienak bizkaitarrak; hain zuzen, hamahiru abeltzan bizkaitar hurbilduko dira Gernika-Lumora, sei gipuzkoar eta bost nafartar.
Domekan 10:00etan zabalduko dute azoka, baina, 11:00etan hasiko da abere emeen lehiaketa. Arren lehiaketa, berriz, arratsalderako utzi dute. Domekan bi adituk baloratuko dituzte abereen ezaugarriak, eta hiru onenak aukeratuko dituzte txapelketaren bederaitzi sailetan.
Astelehenean, epaileek aurrez sailkatutako abere horien arteak aukeratuko dituzte
behi eta zezen onenak, intseminazioko emerik onena eta ganadutegi onena.
Dastamenerako hamaika aukera. Beti bezala, baserriko produktu onenak dastatzeko eta erosteko aukera izango dute bertaratutakoek. Label kalitateko piriniotar okela dastatzeko aukera izango dute herritarrek domeka eta astelehenean.
Oraingoan, gainera, 30 saltoki egongo dira, eta denetariko produktuak salduko dituzte. Besteren artean, txakolina, sagardoa, ogia, euskal pastela, gazta eta etxean egindako beste hainbeste produktu egongo dira aukeran.
EGITARAUA:
Domeka, urriak 7:
- 10:00. Azokaren aukezpena. Postuen irekiera: Sagardoa, txakolina, gazta eta abar.
- 10:30. Trikitixa.
- 11:00. Abere emeen lehiaketa
- 17:00. Abere arren lehiaketa
Astelehena, urriak 8:
- 10:00. Trikitixa.
- 10:30. Postuen irekiera: Sagardoa, txakolina, gazta eta abar.
- 12:30. Eme txapeldunaren, ar txapeldunaren, hazi jartzearen eme txapeldunaren eta ganadutegi onenaren aukeraketa. Gero, sari banaketa.